ACTUALIDAD / Régimen salarial
Tubos Reunidosek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du: 1.000 enplegu baino gehiago arriskuan
"Berehalako kaudimen falta" argudiatuta, borondatezko konkurtsoa eskatu du enpresako zuzendaritzak, besteak beste 179 langile kaleratzeko asmoagatik Amurrioko langileekin mantentzen duen gatazkaren erdian.
2026eko maiatzaren 5 - 06:00
Tubos Reunidosek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du: 1.000 enplegu baino gehiago arriskuan
— ARGAZKIA @LABaiara

Tubos Reunidos konpainiaren Administrazio Kontseiluak hartzekodunen borondatezko konkurtsoa ezartzeko eskaera aurkeztu zuen atzo Arabako epaitegi batean, enpresak berak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez. Zuzendaritzak neurria justifikatu du "berehalako kaudimen falta" omen duelako, "diruzaintzako tentsio larrien ondorioz"; eta tentsio horiei egotzi die Amurrioko (Bizkaia) lantegiko jarduera gelditu behar izatea, enpresaren "nahiaren kontra", bere hitzetan. Lantegi horretan, langileak greba mugagabean daude martxoaren 15etik, 179 kide kanporatu nahi dituen enplegu-erregulazioko espediente bati erantzunez.

Konpainiaren finantza-krisiak 118 milioi euroko galerak ekarri zituen iaz, 263 milioiko zor metatuarekin. Hartzekodun nagusia Espainiako Estatua da, Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatearen (SEPI) bitartez, zor osoaren 150 milioi baitauzka. Zuzendaritzak, teorian, pasibo horiek berriro negoziatzeko eta "epe laburrean finantzaketa berria" lortzeko ahaleginak egin dituen arren, enpresariek onartu dute ez dutela "kutxa-sarrera garrantzitsurik bermatzea lortu", eta ez dutela AEBetatik kanpo proiektu industrialaren bideragarritasuna ziurtatuko duen aliantza estrategikorik hitzartu.

Porrot-prozesu horren esparruan, Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango (Bizkaia) langile-batzordeak deitu ditu maiatzaren 6rako, biharko, hartzekodunen konkurtsoari buruzko xehetasunak jakinarazteko. Bien bitartean, Arabako lantegiko lan-gatazka areagotu egin da enplegatu batzuen maniobraren ondoren: langile-batzordeak salatu duenez, enpresak bultzatuta, pertsona horiek Lan Ikuskaritzarengana jo dute, greba mugagabearen amaiera bozkatu ahal izateko. Langile-batzordeak, ELA, LAB eta ESK sindikatuen gehiengoarekin, baztertu egin du deialdi horren baliozkotasuna, "langileak zatitzea eta grebari eraso egitea" bilatzen duela seinalatuz.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak "ezinezkotzat" jo du Tubos Reunidosen porrot-egoera saihestea, eta ustezko faktore erabakigarri modura aipatu ditu honakoak: "jasangaitza den zor maila" bat, Washingtonek ezarritako muga-zergak, eta AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako gerrak eragindako energiaren garestitzea. Industria Sailaren esanetan, hartzekodunen konkurtsoari lotutako etapa berriak "inbertitzaileak bilatzea eta zorra berregituratzea lehenetsi behar du", Aiaraldeko jarduera mantentzeko. Dena den, sindikatuek erantzun juridikoari eutsi diote, eta enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako errekurtsoa jarri dute, Lan Ikuskaritzaren txosten baten ondoren. Txosten horrek, hasiera batean, ontzat eman zituen enpresak planteatutako kaleratzeen arrazoiak.