ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The White House (X)
2025/10/17 10:15

Donald Trumpek iragarri du Vladimir Putinekin bilduko dela Budapesten (Hungaria), "Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra lotsagarriari amaiera emateko". Errusiako buruzagiarekin telefonoz bi orduz baino gehiagoz hitz egin ostean eman du abisua, Truth Social sarean. Bi agintarien arteko bigarren topaketa izango da aurten, abuztuan Alaskan egin zenaren ondoren. Bileraren data zehatza oraindik ez dute jakinarazi, baina Viktor Orban Hungariako lehen ministroak adierazi duenez, bere gobernua "prest dago bakearen aldeko goi-bilera hartzeko".

Trumpen arabera, bileraren aurretik, bi herrialdeek elkarrizketa teknikoen erronda bat egingo dute, eta Marco Rubio estatu-idazkaria izango da AEBetako ordezkaria. Telefono bidezko deian, Putinek Trump zoriondu omen zuen "Ekialde Hurbilean bakea lortzeagatik", Gazako su-etenari erreferentzia eginez. Bestalde, Errusiaren jarrera defendatu omen zuen, Ukrainari Tomahawk misilak emateko aukeraren aurrean. Badirudi AEBek gaur hitz egingo dutela auzi horri buruz Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin, Etxe Zurian egingo duten bileran.

Orbanek, bi agintarien hurbileko solaskideak, publikoki ospatu zuen AEBen eta Errusiaren arteko bileraren iragarpena. "Hungaria bakearen uhartea" dela aldarrikatu zuen, Budapesten rol ustez neutrala nabarmenduz Moskuren, Washingtonen eta Kieven arteko tentsioen garaian. Bilera baieztatuko balitz, Putin Europako lurraldean egindako nazioarteko ekitaldi batera joaten den lehen aldia izango litzateke, Nazioarteko Zigor Auzitegiak bere aurka emandako atxilotze-aginduaz geroztik. Auzitegi horren jurisdikziotik alde egin zuen Hungariak joan den apirilean.

NO HAY COMENTARIOS