The Champions Burgerrek bihar irekiko ditu ateak Iruñean (Nafarroa), edizio berri batean. Horren atarian, makroekimeneko "lan-baldintza prekarioak eta eskubide-urraketa larriak" salatu ditu Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), agerraldi baten bidez. LASen esanetan, jaialdi ibiltariak "miseriazko lan-baldintzak daramatza berekin herriz herri", eta horren erakusle da Iruñerriko aurreko edizioan gertatutakoa: "lan-hitzarmen merkeago bat ezartzen" saiatu zen The Champions Burger, Nafarroako Ostalaritza Hitzarmenaren ordez Valentziakoa aplikatzeko eta, horri esker, langileei gutxiago ordaintzeko.
Horrez gain, ekimenaren antolatzaileek ez zizkieten plusak ordaindu nahi beharginei, hala nola igandez, jaiegunez edo gauez lan egiteagatik zor zizkienak; eta atsedenaldiak ere ez zituzten errespetatu nahi izan, sei ordu baino gehiagoko lanaldietan derrigorrezkoa den hamabost minutuko atsedenari uko eginez.
Langileak antolatu egin ziren iaz
Prentsaurrekoan oroitarazi dutenez, The Champions Burgerreko langileek antolatzea erabaki zuten aurreko edizioan: jasaten zituzten lan-baldintzak salatu zituzten LASekin batera. "Enpresak errepresalia saiakerak egin zituen, baina ezin izan zuen langileen antolakuntza kolektiboa geldiarazi", ekarri dute gogora: "Horri esker, egoera ikusgarri egin zen eta ohiko inpunitatea kolokan jarri".
Ohartarazi dute, gainera, ez dela "Iruñeko kasu isolatua". "Bilbon ere antzeko salaketak egin zituzten langileek eta bertako Laneko Autodefentsa Sareko kideek", azaldu dute: "Horrelako makro-ekitaldiek ostalaritzaren eguneroko prekaritatea muturrera eramaten dute, eta aldi baterakoa eta ibiltaria izateak zaildu egiten du langileak antolatzea eta beren eskubideak defendatzea".
Instituzio publikoen konplizitatea
Instituzio publikoen jarrera ere kritikatu du Iruñerriko LASek, "antolatzaileei inpunitatea emateaz gain, ekitaldi horietara baliabide publiko ugari bideratzen dituztelako". Eta berriki Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Kontseilu Sozialistak berak salatu duten modura, honakoa gaineratu du: "Enpresariek aberasten jarraitzen duten bitartean, gure auzoetan lan prekaritatea, elikadura-intoxikazioak eta kolapsoak baino ez dira geratzen".
Edizio honetan ere, miseriazko lan-baldintzen kontra antolatzeko deia egin die makroekimeneko beharginei autodefentsa-sareak: "Langileon arteko batasunak eta antolakuntzak baino ez du amaituko enpresarien inpunitatearekin".