ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2019/04/29 12:09

Badira aste batzuk Tolosako Orixe ikastetxeko ikasleak historia eta euskara ikasgaietako ebaluazio irizpideak aldatzeko borroka abiatu zutela. Ikasleek zuzendaritzaren partetik negoziaketa erreal bat bideratzeko jasotako erantzun ezkorragatik, zein hainbat ikaslek jasandako errepresio kasuengatik, pasa den ostiralean, otsailaren 22an, Baterajotze Nazionala deitu zuen TAS-ek. Klase elkartasun eta batasun deialdiari erantzunez, ehunka ikasle zein langile batu ziren Tolosan. Mobilizazioaren amaieran Orixeko zuzendaritzak, lehen aldiz, ikasleon aldarrikapenen gainean eta berauen egikaritzearen inguruan hitz egiteko kanal bat irekitzea onartu zuen. Helburu honekin, lehen bilera egingo dute gaur bertan TAS-eko kideek eta bi ikuskarik ikastetxeko zuzendaritzarekin.

Ikasle Abertzaleak-ek Orixeko ikasleekin elkartasunez greba deialdia deitua zuen pasa den ostiralerako eta honek Euskal Herri guztiko ikasle askori Tolosara gerturatzea ahalbidetu zien. Manifestazioa 12:00etan abiatu zen Triangulo plazatik eta Tolosako erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, Orixe ikastetxera gerturatu zen mobilizazioa. Bertan, Ertzaintzaren hainbat furgonetek itxi zieten bidea manifestariei. Hala ere, zuzendaritza presionatzeko helburuarekin, hainbat ikasle ikastetxeko teilatura igo eta “pelota zure teilatuan dago” pankarta bota zuten.

Aldi berean, TAS-eko bi ordezkari zuzendaritzarekin hitz egitera joan zirenean, hauek oihuka bota eta atea bortizki itxi zieten behin  baino gehiagotan. Azkenean, manifestazioa ikastetxe kanpoaldean zela eta hainbat kidek teilatuan eusten zutelarik, 13:20ak bueltan, TAS-eko beste kide batekin eta bi ikuskarirekin batzea onartu zuen zuzendaritzak. Ikuskari hauekin adostu zuten gaur bertan zuzendaritza eta TAS-en artean egingo den bilera. Bilkura honetan ikasleen aldarrikapenen gainean eztabaidatzea onartu zuten bi aldeek. Honekin batera, zuzendaritzak ikasleen aldarrikapen eta eskaerak gauzatzeko borondatea adierazi zien ikasleei.

Ikasle eta zuzendaritzaren arteko elkarrizketa ematen zen bitartean, ikastetxe kanpoaldean Ertzaintzak zazpi manifestari identifikatu zituen “agenteen susmoa pizteagatik”. Bestalde, goiz guztian zehar Orixeko ikasleek ez zuten aukerarik izan klasetik ateratzeko, klaseak hasi eta amaitu arte ateratzea debekatua izan baitzuten, sarrera Ertzaintzaren lau furgoneta ixten zutelarik.

Elkartasun praktika erreala

Pozik agertu dira TAS-eko kideak deialdi nazionalak izandako erantzun masibo eta indartsuarekin. Halaber, keinu huts batetik haratago ostiraleko mobilizazioa “benetako elkartasuna” martxan jartzeko aukera izan zela azpimarratu dute. Izan ere, Orixeko ikasleen borrokaren aurrean, Euskal Herri guztiko langile sektore ezberdinek arazoa bere azalean biziko balute bezala erantzun izana nabarmendu dute. Pasa den ostiraleko mobilizazioak “klase batasun erreal eta eraginkor” baterako oinarriak jartzen dituela azpimarratzearekin batera.

TAS-ek ontzat eman du zuzendaritzarekin irekitako elkarrizketarako bidea eta borondate guztia adierazi du ireki den elkarrizketa kanal hori baliatzeko eta jarraikortasuna emateko. Baina, ebaluazio irizpide bereizgarriak aldatzearen aldeko borroka zilegi zein beharrezkoa den heinean, hau bere osotasunean lortu arte aurrera jarraitzeko konpromisoa adierazi dute TAS-eko kideek.

NO HAY COMENTARIOS