Eusko Jaurlaritzak oraintsu egin du pandemiatik izan den Enplegu Publikorako Eskaintzarik (EPE) handiena polizia-indarretan: Ertzaintzako eta 25 herritako udaltzaingoetako 650 plaza betetzeko oposizio bat. Hala ere, emaitzen berri eman dute jada, eta sekula gertatu gabeko zerbait gertatu da: suspentso masibo bat izan da, eta azterketa gainditu duten pertsonak askoz ere gutxiago dira eskainitako plazak baino. 270 plaza geratu dira hutsik, eta, beraz, urgentziazko promozio batera deitu beharko du Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak.
Azken oposizioan, Ertzaintzako 473 postu (34. promozioa izango litzatekeena) eta udaltzaingoetako 177 postu eskaini zituen Jaurlaritzak. 3.609 pertsona aurkeztu ziren azterketara, baina proba psikoteknikoen eta teorikoen ondoren, 380 soilik dira horiek gainditzea lortu dutenak.
Oposizioko azken emaitzekin, kolokan dago Jaurlaritzak 2030erako markatutako helburuetako bat: ordurako 8.000 ertzain izatea. "Sindikatu" polizialek presioa egin ostean, badirudi polizia-indarretako beste EPE bat prestatuko duela Jaurlaritzak urgentziaz, datorren udazkenerako.
Lehenengo erorketa masiboa, proba psikoteknikoan
El Correo-k jaso duenez, proba psikoteknikoak egitean izan zen jada aurreneko suspentso masiboa: aurkeztu ziren 3.609 pertsonetatik 300ek baino ez zuten hura gainditu berez, hau da, %10ek baino gutxiagok. Egoera horrek behartuta, gainditzeko ezarritako gutxieneko notak egokitu behar izan zituzten, eta horrela lortu zuten 700 bat izatea hurrengo fasera igaro zirenak. Azterketa teorikoak izan ziren hurrengo pausoa, baina orduan ere txarrak izan ziren emaitzak: 380k soilik gainditu zuten fase hori. Hortaz, osotara, oposiziora aurkeztutakoen %90ek baino gehiagok suspenditu dute.
Proba teorikoa gainditu duten 380 pertsona horiek ez dute, gainera, plaza lortu oraindik. Udaren ondoren egin beharko dituzte proba fisikoak, medikoak eta aurrez aurreko elkarrizketak, eta aipatutako egunkariak gogorarazi duenez, asko izan ohi dira fase horretan aurrera egitea lortzen ez dutenak.
Justifikazioa
Oposiziora aurkeztutakoek euren emaitza txarrak justifikatzeko erabilitako argudio batzuk aipatu ditu El Correo-k artikulu batean; hala nola, "proba psikoteknikoen ereduetan" izandako ustezko aldaketak edo formakuntza-akademiek aipatutako eta elkarri leporatutako "faborezko tratuak".
Beste iturri batzuek seinalatu dute urteak direla Ertzaintzak "belaunaldi-berritze" bat martxan duela eta EPE handiak izan direla dagoeneko, eta beraz, posturen bat lortzeko prestatzen ari zirenak Polizian sartu direla jadanik, gaur egungo hautagaien zerrenda "modu esanguratsuan" murriztuz. "Orain jende asko ikusten da oso gaztea dena edo ondo prestatuta ez dagoena", diote iturri horiek.