Martxoaren 7an, gutxienez 162 zibil exekutatu zituzten Siriako erregimen berriaren indarrek egindako zenbait sarraskitan, eta horrek pogromo bat piztu zuen alauita komunitatearen aurka. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren (SOHR) arabera, Siriako Defentsa Ministerioarekin eta Barne-Segurtasun Indarrarekin lotura duten langileek hil zituzten biktimak. Exekuzioak kostaldeko Tartus eta Latakia probintzietan gertatu ziren batez ere, alauita komunitatearen aurkako gero eta indarkeria handiagoko testuinguru batean, zeina Baxar al-Assaden sostengu nagusietako bat izan den. Sare sozialetan zabaldutako irudiek exekuzio izugarri bortitzak erakusten dituzte, eta behatzaile askok ISISek egiten zituenekin alderatu dituzte.
Sarraskiak hainbat herritan erregistratu ziren, horien artean Baniyasen, non 60 pertsona, bost haur barne, erail dituzten. Latakian eraso ugari erregistratu dituzte, hala nola Al-Shir, Al-Mukhtariyah eta Al-Haffa herrixketan: 76 lagun exekutatu dituzte horietan. Beste zibil batzuk ihes egin nahian ari zirela edo atxilotu ondoren hil dituzte, Yahmourren eta Salhaben esaterako. Istilu horiek alauita komunitatearen aurkako eraso sistematiko baten parte dira, eta bide publikoan utzitako gorpuak errealitate bat izaten ari dira.
Siriako agintariek exekuzio horiengatik kontuak eman ditzatela eskatu du SOHRk, zigorgabetasunak pogromo berriak bultza ditzakeela ohartaraziz, Assaden agintaldiaren osteko testuinguruan. Une honetako indarkeria muturrekoa da, eta horren erakusle da Muhammad Al-Jolani Siriako presidente berriak hitza hartu behar izana, bere soldaduei "proportzionaltasunez jokatu" dezatela eskatuz; baita gobernuak operazio militarrak eta exekuzioak filmatzea debekatu izana ere.
Hayat Tahrir al-Sham (HTS) taldearen erregimenak, Siriako ipar-mendebaldeko zati batzuk kontrolatzen dituen eta Al Qaedaren oinordeko zuzena den talde armatuaren erregimenak alegia, zuzentarau bat eman du bere Defentsa Ministerioaren bitartez: bere indar militarrek egindako atxiloketak, exekuzioak eta operazioak grabatzea debekatu du. Duela gutxi argitaratutako oharrak dioenez, "erabat debekatuta dago armadako talde armatuek egindako atxiloketak edo exekuzioak filmatzea". Era berean, debekatuta dago "armadaren edozein bonbardaketa edo suntsiketa filmatzea" ere.
Gutxiengo erlijiosoen aurkako sarraskiez gain, badirudi azken egunetan Assaden aldeko indarrekin
liskarrak izan dituztela gobernuaren indarrek. HTSk
ekintza militarrak eta segurtasun-ekintzak grafikoki dokumentatzea
debekatu izanak zaildu egin lezake bere kontrolpeko eremuetan salatutako erasoak modu independentean
egiaztatzea.