Kalean dira atzo Espainiako Poliziak atxilotutako LABeko sei kideak. Atzo goizean hartu zituzten atxilo sei sindikalistak, eta gaur 10:00 aldera atera dira epaitegitik. Kanpoan, dozenaka lagun zituzten zain.
Atzo, atxilotuak 11 ere izan zitezkeela ohartarazi zuten sindikatuko kideek; izan ere, polizia-txostenean 11 lagunen izen-abizenak agertzen zirela jakinarazi du haien abokatuak. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak "operazioa zabalik" zela esan zuen, baina LABek 11 atxiloketa egon zitezkeela jakinarazi ondoren, poliziak ez zuen atxiloketa gehiago egin. Sei kide eraman zituzten azkenean, eta gaur goizean geratu dira aske.
Garbitzaileen protesten harira egindako bi ekintzetan parte hartzea egozten diete atxilotuei: apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batera igo eta N-121 errepidea moztea izan zen ekintzetako bat, eta martxoaren 8an CEN patronalaren egoitzan egindako salaketa ekintza bat, bestea.
Polizia operazioa salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:00etan, Iruñeko Baluarte plazatik abiatuta.