Ir al contenido
ACTUALIDAD / Itaia

Sexu-esplotaziorako sareak borrokatzera deitu du Bilboko Itaiak

Gutxienez bederatzi emakume prostituitzera behartzen zituen sare bat atzeman berri dute Bilbon. Itaiak deituta, atzo protesta bat izan zen Ametzolan; auzo horretan dago sexu-esplotaziorako sareak erabiltzen zuen lokala.
2023eko ekainaren 22
Sexu-esplotaziorako sareak borrokatzera deitu du Bilboko Itaiak

ACTUALIDAD

Aste honetan atera dute argitara, Bilbon (Bizkaia), gutxienez bederatzi emakume prostituzioan aritzera derrigortzen zituen sare bat. Ametzola auzoko lokal bat baliatzen zuen prostituzio-sareak emakume horiek esplotatzeko, eta drogarekin trafikatzera ere behartzen zituen. Latinoamerikakoak dira, iruzur eginez, sareak harrapatutako emakume guztiak. Bederatzi proxeneta atxilotu dituzte sare horri lotuta; zehazki, Bilbon, Barakaldon (Bizkaia) eta Castro Urdialesen (Kantabria).

Hori dela-eta, mobilizatzera deitu zuen Bilboko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Sexu-esplotaziorako sareak borrokatu! aldarriaren pean, protesta bat izan zen atzo arratsaldean, Ametzolako tren geltoki aurrean.

"Sexu-esplotaziorako sareen aurrean, gure jarrera irmoa da: gure erreprodukzioa eta sexualizazioa saltzera kondenatzen gaituzten baldintzekin amaitu behar dugu, horren alde jardungo duen estrategia politikoaren baitan antolatuz", adierazi zuten atzo Itaiako kideek: "Horretarako, hori sostengatzen duten figurak borrokatu eta prostituzioan harrapatuta dauden emakumeen kriminalizazioari zein jazarpenari aurre egin behar diegu, emakume horiek antolakuntza politikora batzeko hautua eginez".