ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/10 07:55

Zestoako (Gipuzkoa) sei lagun epaituko dituzte abenduaren 16an, Donostian (Gipuzkoa), eraso matxista baten aurrean antolatzeagatik: erasotua izan zen emakumea eta hari babesa eman zioten bost pertsona dira auzipetuak. Emakumearen bikotekide ohiak 2018an ipini zuen haien aurkako salaketa, prozesu judizialari hasiera emanez, eta zazpi urte beranduago epaituko dituzte. Auzipetuentzako espetxe-zigorrak eskatzen dituzte bai akusazio partikularrak bai fiskaltzak, lau eta bost urte artekoak hain zuzen ere.

Zestoako Mugimendu Feministak salatu duenez, "elkartasun feminista" epaituko dute datorren astean. "Termino judizialetan, derrigortze eta integritate moralaren aurkako delituak leporatzen dizkie gizon horrek Zestoako sei bizilagunei. Akusatuen aulkian eseriko denetako bat bere bikotekide ohia da, eta gainontzekoak, denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan emakume hori babestu duten pertsonak", azaldu du: "Elkartasuna adierazteagatik sei herrikidek egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean, herrian normaltasunez eta inpunitate osoz ibili da erasotzailea urte hauetan guztietan".

"Kasu hau erasotzaileen inpunitatea argi erakusten duen adibide bat gehiago da. Erasotua eta berari babesa adierazi diotenak izango dira epaituak datorren astean", seinalatu du Urola Erdiko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. "Erasoen aurrean antolatzeak dakarren kriminalizazioa" gaitzetsi du: "Ezin duena izan da, ohikoa den modura, erasotzaileek inpunitate sozial osoz jarraitzea beren bizitzekin [...] eta, kontrara, erasotua izatea bizitza aldatzen duena, kriminalizatua eta erasoaren pisua eramatera kondenatua dena".

Zestoako Mugimendu Feministak protesta bat antolatu du abenduaren 14rako, 13:00etan herriko plazan. Mobilizaziora batu da Urola Erdiko Itaia.

NO HAY COMENTARIOS