ACTUALIDAD / Sindicalismo
Sarrigurengo Siemens Gamesako langileek bat egin dute Agoizko langileek hasitako borrokarekin
Siemens Gamesaren Sarrigurengo ofizinen aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo bertako eta Agoizko beharginek, elkarrekin. Agoizko fabrika ez ixteko eskatu zuten, 'Deslokalizaziorik ez' aldarripean. Datozen asteetan ere lanuzteak egingo dituzte langileek.
2020eko uztailaren 17
Sarrigurengo Siemens Gamesako langileek bat egin dute Agoizko langileek hasitako borrokarekin

Lau hilabetez etxetik lanean jardun ostean, atzo, uztailak 16, lantokietara bueltatu ziren Sarrigurengo (Nafarroa) Siemens Gamesako beharginak. Itzulera horretan, baina, aldarrikapen bat izan zen nagusi: langileek bat egin zuten Agoizko (Nafarroa) fabrikako lankideek hasitako borrokaldiarekin. Indarrak batu eta elkarretaratzea egin zuten atzo Sarrigurengo ofizinen aurrean.

Agoizko lankideei elkartasuna adierazi zieten Sarrigurenen aritzen diren langileek, eta besteak beste, Agoizko lantokia itxi ez dezaten borroka egiteko konpromisoa hartu zuten.

Atzoko protestan gogorarazi zutenez, Siemens Gamesak guztira zortzi ekoizpen-lantegi izan ditu Nafarroan. Azken urteetan, baina, bata bestearen atzetik itxi du zuzendaritzak. Uztailaren hasieran jakinarazi zuten enpresak Agoizko fabrika ixteko eta beharginak kaleratzeko prozedura jarriko zuela martxan.

Langileek greba eguna izan zuten atzo. Uztailaren 23an eta 29an nahiz abuztuaren 6an eta 7an ere egingo dituzte lanuzteak.