Sarrigurenen izandakoa da urteko lehen erailketa matxista Euskal Herrian

Ostiral gauean, bere bikotekidea labankadaka erail eta ama larriki zauritu zuen gizonezko batek, biktimaren lau seme-alabetako bat bertan zegoela. Sarrigurenen gertatu zen, Iruñerrian (Nafarroa). Euskal Herrian urtea hasi zenetik gertatu den lehenengo erailketa matxista da, erregistratutako kasuen artean bederen. Hiltzailea gaur igaroko da epailearen aurretik, ostiralean bere burua entregatu ostean.

Erailketa salatzeko, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak mobilizazioak egin ditu asteburuan Euskal Herriko hainbat herritan, tartean Iruñean bertan. Larunbat goizean izan zen protesta hori, Udaletxe Plazan, eta biolentzia matxistari aurre egitera deitu zuten Itaiako kideek: "Argi dugu hau ez dela kasu isolatu bat. Indarkeria matxista egiturazko arazoa da bizi dugun sistema kapitalistan, eta emakume langileon bizitza kolpatzen jarraitzen du egunero". Beharrezkotzat jo zuten "ideia eta jarrera matxistei" kontra egitea eta "matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzea", baita "indarkeria matxistari aurre egingo dion emakume langileon antolakuntza sustatzea" ere.

Gutxienez zortzi erailketa matxista iaz

Aurreko urtean, 2025ean, zortzi hilketa matxistaren berri eman zuten Euskal Herrian. Urtarrilaren 3an izan zen urteko lehenengo kasua, Barakaldon (Bizkaia), 84 urteko andre bat kolpeka erail baitzuen bere semeak. Handik hilabetera, otsailaren 5ean, 74 urteko beste emakume bat hil zuen bere semeak.

Apirilaren 5ean, Haron (Errioxa) atera zen argitara erailketa matxista bat: jatorriz Gasteizkoa (Araba) zen emakume bat hil zuen bere bikotekideak. Maiatzaren 30ean, berriz, hilketa bikario bat izan zen Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoan: 13 urteko neskato bat erail zuen bere aitak, eta larriki zauritu zuen haurraren ama.

Ekainaren hasieran, Marbellan (Malaga) hil zuen 53 urteko emakume bat bere bikotekideak. Gasteizkoa zen biktima hori ere. Uztailaren 29an, 78 urteko andre bat erail zuen bere senarrak, Zizur Nagusian (Iruñerria).

Urriaren 15ean jakinarazi zuten beste hilketa matxista bat jazo zela, Zarautzen (Gipuzkoa) kasu horretan: 53 urteko emakume bat hil zuen gizonezko batek, etxebizitza batean. Handik bi hilabetera, abenduaren 21ean, 54 urteko andre bat aurkitu zuten hilik euren alabek, Barakaldoko etxebizitza batean. Gizon batek erail zuen. Hori izan zen iaz ezagutarazi zuten azken erailketa matxista.