Adin txikiko pertsonen beste entrenatzaile bat salatu dute Bizkaian, hainbat adingaberi eraso egiteagatik. Oraingoan, Peña Athletic Santurtzi futbol taldean gertatu da: 15 eta 17 urte arteko zenbait neskari eraso die entrenatzaile batek. Ertzaintzak dio "ahozko indarkeria" izan dela.
Salaketa bat aurkeztu du klubak, eta adierazi du adingabeak babesteko protokoloa jarri duela martxan. Erasotzaileak hastapeneko futbolean jardun du entrenatzaile, talde ugarirekin: badirudi hemeretzi taldez arduratzen dela une honetan, bai emakumezkoenak bai gizonezkoenak.
Kasu gehiago
Azken urtean, Bizkaiko talde gehiagotan eman dute euren entrenatzaileek adin txikiko gazteei egindako sexu-erasoen berri. Iazko maiatzean, Barakaldoko Pauldarrak futbol taldeko entrenatzaile bat salatu zuten, sexu-abusuengatik. Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zuten gizona. Abenduan, berriz, Gernikan jakinarazi zuten neska bati eraso ziola bere futbol entrenatzaileak.
Urtebete lehenago atera zen argitara herri bereko saskibaloi entrenatzaile batek, Mario Lopezek, beste neska bati eraso ziola hiru urtez. Urtarril honetan egin diote epaiketa erasotzaileari.