ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/20 09:23

Aurreko urtean egin bezala, sanferminen bezperarako mobilizazio bat antolatu du Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak. Manifestazio horretan, jaietan ere enpresarien eta instituzioen inpunitateari aurre egitera deituko du. Uztailaren 5ean izango da, ostiralez, 19:00etan Nabarreriatik hasita.

"Iruñerriko eguneroko bizitza etengo duen festa hasiko da" uztailaren 6an, LASek gogorarazi duenez; eta, horrekin, "gure lanaren prekarizazioan onarritzen diren bederatzi egunak hasi besterik ez dira egingo". Ohartarazi du, izan ere, egun horietan dena ez dela "gozamena": "Batzuek beren lanekin jarraituko dute, beste batzuek lanik aurkitu gabe jarraituko dute eta, beste batzuk, jaien esparruko gainesplotazio basati batera bultzatuko dituzte".

LASek azaldu du "jarduera biziko" bederatzi egun izaten direla sanferminak, baina "gure lanaren prekarizazioan sostengatzen" dela hori guztia. Seinalatu du erakunde publikoek azpikontratatu egiten dituztela egun horietan zehar eskaintzen dituzten zerbitzuak; eta, gainera, "legez kanpoko eskulan kantitate handi bat xurgatzen" dutela enpresa pribatuek, "zuzenean mafiak ez direnean".

Miseriazko baldintza horien adibide modura aipatu du ostalaritzako, banaketako, garbiketako, kale-salmentako eta abarretako langileen egoera. Horietan guztietan, "lanegun nekagarriak, erritmo frenetikoak edo gehiegikerien aurreko defentsarik eza" izaten dira nagusi, LASeko kideen esanetan.

Zentzu horretan, beharrezkotzat jo dute enpresariek eta instituzioek inposatutako esplotazioari aurre egitea eta euren inpunitatea borrokatzea. Nabarmendu dute enpresari eta instituzio horiek "egunerokoan bizi dugun egoera prekarioaz" baliatzen direla, "momentu puntualetan" are gehiago erasotzeko; hala nola, sanferminetan. Horregatik aldarrikatu dute oinarri hori dela "borrokatu beharreko gehiegikeria", eta "antolatzeko arrazoi" bilakatu beharrekoa.

NO HAY COMENTARIOS