ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Erasoa salatzeko egindako protesta, joan den ekainean.
2025/10/28 14:33

Gaur, Bilboko (Bizkaia) 5. Instrukzio Epaitegian egin behar zieten epaiketa Ertzaintzako hainbat agenteri, apirilean San Frantzisko auzoan izandako polizia-eraso arrazista bati lotuta. Auzia bertan behera gelditu da, ordea, interprete falta zela eta. Hurrengo urteko martxora arte atzeratu dute epaiketa.

Ile-apaindegi batean izan ziren gertakariak, Ertzaintza bertan zeuden bi pertsonaren aurka oldartu baitzen bortizki: langile baten eta bere lagun baten aurka, hain zuzen ere. Bertan dagoen kamera batek grabatu zuen erasoa, eta irudiak argitara atera zituzten. Horietan ikusten da agenteak lokalera sartu zirela, gazteak identifikatu eta kolpatu zituztela eta hormaren kontra estutu zituztela, lurrera bota arte. Erasoa jasan zuenetako batek salaketa jarri zuen, eta horren ondorioz iritsi da auzia epaitegira.

San Frantzisko: militarizazioa eta kontrola

Bilboko Kontseilu Sozialistak salatu zuen polizia-eraso arrazista maiatzaren hasieran, pertsona migratzaileek jasaten dituzten "egiturazko kriminalizazioaren eta jazarpenaren" adibide gisa. Adierazi zuen indar polizialek "ordena sozial klasista mantentzeko funtzioa" dutela, eta horri lotuta, "proletalgo migratzailearen aurkako jazarpen sistematikoa" gauzatzen dutela. San Frantzisko horren adibidetzat jo zuen, "auzoaren militarizazioari eta jazarpen polizial sistematikoari" azpimarra eginez.

Kontseilu Sozialistak gaineratu zuen, bestalde, Polizia ez dela instituzio "neutral" bat, baizik eta, "burgesiaren interes pribatuak babesteko, biolentziaren monopolioa duen aparatu errepresiboa". Seinalatu zuen horregatik daukatela polizia-indarrek "Estatuaren aparatu politiko eta judizialen babes osoa"; eta horiek horrela, "Poliziaren inpunitatea" salatzeaz gain, "langileriaren klase-batasuna" aldarrikatu zuen, edozein jazarpeni aurre egiteko oinarri gisa.

Eraso polizial arrazisten aurkako mobilizazioa

Apirileko erasoaren ondoren, mobilizatzera deitu zuten San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazan. Polizia-eraso arrazistei ez! Inpunitate polizialarekin amaitu! lelopean egin zuten protesta hainbat kolektibok maiatzaren 9an, eta instituzioen isiltasuna eta poliziei ematen dieten babes baldintzagabea salatu zituzten.

Antolatzaileek ohartarazi zuten jatorri konkretu bateko pertsona migratuen seinalamendu etengabea dagoela eraso arrazista horien atzean, eta Poliziak "modu arbitrarioan" jokatzen duela haien kontra. Diskurtso arrazistak, beldurraren erabilera elektoralista eta komunikabideek zabaldutako estigmatizazioa seinalatu zituzten, horrek guztiak gizartearen zati baten kriminalizazioa elikatzen duela salatuz.

Inpunitate poliziala

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi zuen barne-ikerketa bat zabaldu zuela gertakarien harira. Hala ere, azken bost urteetan eraso polizialengatik egindako 61 ikerketetatik 11 bakarrik amaitu dira agenteen aurkako zigorren batekin, eta horietako gehienak zigor arinak izan dira: hamabi egunetik hiru hilabeterainoko etenaldiak, zehazki. Ez da ezagutzen zein neurri hartu dituzten kasu honetan.

NO HAY COMENTARIOS