AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/06 09:59

Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan Ertzaintzak egindako eraso baten berri eman du bertako Kontseilu Sozialistak. Duela bi aste gertatu zen: auzoko ile-apaindegi batera bortizki sartu ziren hainbat ertzain, eta barruan zeuden pertsonen kontra oldartu ziren. Behargin bat eta beste lagun bat identifikatu eta kolpatu zituzten poliziek, bertan zegoen kamera batek jaso ahal izan duenez.

"Eraso polizial arrazista gogor salatzen dugu Bilboko Kontseilu Sozialistatik, eta gure elkartasun eta babes osoa ematen diegu Poliziak jazarritako pertsonei", azaldu dute bertako kideek. Seinalatu dute, gainera, azken jazarpen kasu horrek hainbat gauza adierazten dituela. Batetik, "proletalgo migratzaileak jasaten duen egiturazko kriminalizazioaren eta jazarpenaren" erakusle da San Frantziskon gertatutakoa, Kontseilu Sozialistaren esanetan: "Poliziak, ordena sozial klasista hau indarrez mantentzeko funtzioa duen instituzio gisa, etengabe jazartzen die pertsona migranteei, miseriazko bizi-baldintzak inposatzeko eta eskubide politikoak zein zibilak erabat ezabatzeko". Horren adibidetzat jo dute "San Frantzisko auzoaren militarizazioa eta jazarpen polizial sistematikoa".

Eta, bestetik, Kontseilu Sozialistak uste du azken erasoa "Poliziaren inpunitatearen" beste isla bat dela. "Burgesiaren interes pribatuak babesteko, biolentziaren monopolioa duen aparatu errepresiboa da Polizia", ekarri du gogora: "Zentzu horretan, estatu burgesaren aparatu judizial eta politiko guztien babesa du, proletalgoaren aurkako jazarpena gauzatzeko orduan".

Beraz, "Poliziaren inpunitatearekin amaitzea" eta "langileriaren klase-batasuna eraikitzea" beharrezkotzat jo du antolakundeak; "jazarpen polizial sistematikoaren aurka, eskubide politikoen defentsan eta kalitatezko bizi-baldintza unibertsalen alde". Deialdietara adi egotera deitu du.

EZ DAGO IRUZKINIK