PSOEk "babesa" eskaini zien Martxoaren 3ko biktimei; gaur, sekretupean mantentzen ditu klasifikatutako artxiboak
— ARGAZKIA Martxoak 3 elkartea

Fernando Hernandez Sanchez historialariak Felipe Gonzalezen gutun bat berreskuratu zuen 2020an, 1976ko martxoaren 31koa zena, Gasteizko sarraskiaren biktimen familiei zuzendua. Gutun horretan, garai hartako PSOEko idazkari nagusiak "elkartasuna" adierazi eta alderdiaren "laguntza" eskaintzen zien. Pedro Maria Martinez Ocioren senitartekoen etxera bidalitako gutunak honela zioen, hitzez hitz: "Espainiako Langileen Alderdi Sozialistaren izenean, honen bidez, gure doluminik sentituena adierazi nahi dizuegu, Gasteizko azken gertaeretan jasandako galera tristeagatik. Esan nahi dizuegu PSOE zuen esanetara dagoela une zail hauetan behar duzuen edozein laguntza emateko. Ez izan zalantzarik gurekin hitz egiteko". Gutuna, Martxoak 3 web-orrian argitaratua eta historialariak Facebooken zabaldua, gobernuko presidente izan aurretik idatzi zuen Gonzalezek; PSOEk "ezkerreko alternatiba" gisa aurkezten zuenean bere burua, ustez hilzorian zegoen frankismoaren aurrean.

50 urte geroago, eszena ezin kontraesankorragoa da, Felipe Gonzalezengandik hasita: beste gutun bat sinatu zuen aurrerago, kasu horretan Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy presidente ohiekin batera, baina Rodolfo Martin Villari babesa emateko. Polizia frankistak Gasteizko langileen aurka tiro egin zuenean ministro zen Martin Villa, eta 2020an deklaratu behar izan zuen Maria Servini epaile argentinarraren aurrean, frankismoko krimenak ikertzen ari zenean. Espainiako presidente ohiek horregatik sinatu zuten idatzi hori, Gonzalezek 1976an idatzitako gutunarekin bat ez zetorrena. PSOE, gainera, isilik geratu zen horren aurrean, bere figura historiko nagusietako batek Martin Villa babestu zuenean. 

Kontraesana areagotzeko, bost hamarkadaz luzatu den eta Martxoaren 3ari buruzko egia argitzea galarazten duen isiltasun instituzional bat dago indarrean. PSOE da urte horietan guztietan Espainiako Gobernuan gehien egon dena, baina sekretupean mantentzen ditu Gasteizko sarraskiari lotutako artxibo sailkatuak, gertakariak eta erregimeneko goi-kargudunen erantzukizuna argitzeko baliagarriak izango liratekeen dokumentuetarako sarbidea galaraziz. Erakunde memorialistek urteak daramatzate paper horiek desklasifikatu ditzatela eskatzen, baina ez dute lortu momentuz. Bien bitartean, biktimen senideek ikusten dute 1976an eskua luzatzen zien alderdi bera, PSOE, arduradun politiko eta polizialak babesten dituen horma instituzionalaren parte dela orain. 

Felipe Gonzalezen keinu horrek, "biktimei babesa" ematetik Martin Villaren aldeko manifestu bat sinatzera pasatu baitzen, modu argian laburbiltzen ditu Trantsizioaren bide-orria eta botererako bidean oroimena baztertu zuen ezker baten ibilbidea. Martxoaren 3ko artxiboek ezkutuan jarraitzen dute, Martin Villak gaur egun ere errepresioa justifikatzeko adierazpenak egiten dituen bitartean, presidente ohiek eta erakundeek babestuta.