ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: UOC
2022/05/23 11:51
Espainiako Estatuan, bigarren hezkuntzako lehen zikloko ikasleen %8,7k eta bigarren zikloko ikasleen %7,9k errepikatu behar izan zuten ikasturtea 2019-2020 aldian, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGA) azken txostenak dioenez. Batez besteko orokorrak % 1,9 eta %3koak ziren, hurrenez hurren. 

Zifra horiek Espainiako Estatuko arazo akademikoaren izebergaren punta baino ez dira, ordea, "eskola-porrotaren arazo endemikoa" edota "ez ikasketarik ez lanik ez duten gazteen multzo esanguratsua" seinalatzen baititu ELGAk estatuko hezkuntza-sistemaren ahulgune nagusitzat. 2021ean, ikasleen %13,3k ikasketak bertan behera utzi zituzten bigarren hezkuntza burutzean, eta 15-29 urte arteko biztanleen %14,1k, berriz, ez zuten ez ikasten ezta lanik egiten ere.

Pertsona migratzaileen seme-alabek nahiz egoera sozioekonomiko zaurgarrienetan dauden ikasleek, fenomeno horiek "are gehiago" pairatzen dituztela azaldu zuen txostenak. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren arabera, espainiar nortasun agiririk ez zuten biztanleen %26,5ek ikasketak goiz uzten zituzten 2021ean, hiritartasuna zutenen %11,4ren aldean.

Bilakaera

"Eskola-porrota" delakoaren adierazleak duela hamarkada batzuk baino arinagoak diren arren, jaitsiera horiek baldintzatu dituen faktore nagusia ez omen da hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza izan. Adituek azaltzen dutenez, 2010eko krisialdi ekonomikoak lehenbizi, 4.0 industriaren garapenak jarraian eta COVID-19ak azkenik, "kualifikazio baxuko lanaren eskaria murriztea" ekarri dute.

Hori gutxi balitz, litekeena da gurasoen batez besteko ikasketa maila gorakorrak, pandemia sasoiko ebaluazio-irizpide malguagoek eta lanbide heziketan egin diren inbertsioek ere egiturazko arazoa zertxobait leundu izana. Gauzak horrela, azken hamarkadetan geroz eta gazte gehiagok erabaki dute bigarren hezkuntzaren ostean ikasten jarraitzea. Atzera begira, 2002an, %30,9ko uzte-tasa izan zen.

Egiturazko auzia

Hobekuntzak ez du arazoa desagerrarazten, baina. Espainiako Estatuak bere postua mantentzen du ikasketen garaiz aurreko uztearen tasarik handienak dituzten herrialdeen artean. 25 eta 34 urte arteko gazte helduen egoera ikusi besterik ez dago arazoaren larriaz jabetzeko: %28,3k oraindik ez zuten bigarren hezkuntzako bigarren etapa amaitzea lortu 2019an, ELGAko herrialdeen batez bestekoaren ia bikoitza.

Bestalde, estatu mailako egungo batez besteko "arinago" horrek lurraldeen arteko desberdintasun erraldoiak ezkutatzen ditu. INEren datuen arabera, 2021ean, %7 ingurukoa izan zen Hego Euskal Herriko batez besteko eskola-uzte goiztiarra. Andaluzian, aldiz, %17,7raino iritsi zen.

Klase-arrakala

Txostenaren egileek egiaztatu dutenez, titulu akademiko gutxi dituzten pertsonek, langabezia-tasa bereziki altuak jasateaz gain, "oso soldata txikiak" ere jaso behar izaten dituzte termino erlatiboetan. Espainiako Estatuan bigarren hezkuntzako bigarren fasea 2018an amaitu ez zuten 25 eta 64 urte arteko helduen %36k herrialdeko batez besteko ordainsariaren erdia baino gutxiago irabazten zuten.

Aldea are handiagoa da emakume langileen kasuan: ikasketa-maila baxua duten emakume gazteen %47k baino ez zuten enplegu bat 2020an, gizonen %66ko ehunekoarekin alderatuta.

NO HAY COMENTARIOS