ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Confidenial
2021/10/26 11:30

Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, joan den asteburuan 100 pertsona migratzaile baino gehiago igaro dira Irundik (Gipuzkoa). Kanaria uharteetatik hara mugitutakoak edo Frantziako Estatura pasatzea lortu ostean Jendarmeriak kanporatutakoak ziren gehienak.

Gero eta gehiago dira, Irungo Harrera Sarearen esanetan, muga-bidea igerian zeharkatzen saiatzen direnak. Irunera joan eta Bidasoa ibaia baliatzen dute horretarako. Azken hilabeteetan bi lagunek galdu dute bizia Bidasoa igerian gurutzatu nahian; maiatzean Boli Kostako pertsona bat ito zen han, eta abuztuan, Gineako beste lagun bat.

Kontrolak eta etsipena gora

Poliziaren kontrolak jarraituak dira Frantziako eta Espainiako estatuen arteko mugan —Frantziako Gobernuak, gainera, beste urte erdiz luzatuko ditu mugetako etengabeko kontrolak, "mehatxu terrotista" eta "krisi sanitarioa" aitzakiatzat hartuta—. Horrek behartzen ditu pertsona migratzaileak bereziki arriskutsuak diren bideak hartzera, kale gorria ekidin nahi badute behintzat.

Muga pasatzeko trenbideak erabiltzeko hautua ere egin izan du zenbaitek. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) geltokitik gertu hil ziren hiru pertsona migratzaile urriaren 12an, trenak harrapatuta. Dirudienez, bost lagun ziren guztira, eta Baionara (Lapurdi) heldu nahian ari ziren.

Pertsona migratu asko dira, hala, batetik bestera mugitzeko esperoan edo etsipenean, gaua kale gorrian egin behar izaten dutenak. Donostian (Gipuzkoa) urri hasieran gertatutakoa da horren erakusle: gauez, kontainer batera sartuta babestu behar izan zen gazte migratzaile bat, eta zauritu egin zen, ontzia bilketa-kamioi batera jaurti zutenean istripuz.

"Taximafia"

Hori guztia probestuta negozioa egiten hasi denik ere ez da falta. Atzo bertan atxilotu zituzten sare mafioso bateko zazpi pertsona Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian, Afrikako migratzaileak Frantziako Estatura eramateagatik, legez kanpo. Nagusiki Gipuzkoan eta Nafarroan jartzen ziren haiekin harremanetan; besteak beste, Irunen.

Haiengana joan eta muga gurutzatzeko "zerbitzua" eskaintzen zieten sare horretako kideek; diruaren truke, noski. Ordaindu beharreko prezioa adostu ostean, kotxez eramaten zituzten Baionara edo Bordelera (Okzitania), bigarren mailako errepideak erabilita. Azken bi hilabeteetan 60 bidaia inguru egitea lortu dute, antza.

Irungo Harrera Sareak sarri salatu du sare mafioso horien jarduna, "taximafia" gisa ere ezagunak direnak.

NO HAY COMENTARIOS