ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Faits Divers
2023/06/28 11:35

Astearte honetan, polizia-indarrek 17 urteko gazte bat, Naël, odol hotzean erail dute Nanterren (Paris, Frantziako Estatua). Itxura denez, polizia-kontrol batera iristean, gidatzen ari zen autoa geldirik mantentzeko agindu zion poliziak, baina agindu horri uko egin zion mutilak. Arrazoi horregatik erabaki zuen polizia-agente batek gaztearen aurka tiro egitea, sabelaldean zaurituz. Bizia galdu du tiro horren ondorioz.

Poliziak hasieran emandako bertsio ofizialaren arabera, mutila gidatzen ari zen autoaren aurrean jarri zen polizia-agente bat, eta ibilgailua azeleratu eta agentea harrapatu zuen orduan gazteak. Gertatutakoa bideoz jasota zegoen, ordea, eta zabaldu dituzten irudietan argi ikusten da faltsua dela poliziak emandako azalpena.

Erailketa argitara atera bezain pronto piztu ziren protestak. Nanterreko Vieux-Pont distrituan eta Pablo-Picasso hirian hasi ziren mobilizazioak eta istiluak, eta, 21:00ak aldera, polizia-etxetik hurbil elkarretaratu ziren hainbat eta hainbat pertsona. Parisko hainbat herritan lehertu dira protestak; hala nola, Asnières, Colombes, Suresnes, Clichy-sous-Bois eta Mantes-la-Jolien.

Gutxienez hogei lagun atxilotu dituzte polizia-indarrek Hauts-de-Seinen. Manifestarien kontra negarra eragiteko gasa eta "defentsarako balak" deiturikoak erabili ditu poliziak, eta lanean ari zen banatzaile bat autoarekin harrapatu du; larriki zauriturik dago langilea.

Frantziako Gobernuak 2.000 polizia eta jendarme bidaliko ditu Parisko periferiako hirietara, datozen gauetan izan daitezkeen protestei aurre egiteko eta mobilizazioak itoarazten jarraitzeko.

NO HAY COMENTARIOS