ACTUALIDAD / Educación

Atzo soilik, 500 lagun atxilotu zituzten Frantziako ikasle-mobilizazioetan

Denera 6.500 atxiloketa eta 215 zauritu izan dira protestak hasi zirenetik. Hainbat ikerketa daude zabalik agenteen aurka, erabilitako bortizkeriagatik.
2026eko urriaren 7 - 05:43
Atzo soilik, 500 lagun atxilotu zituzten Frantziako ikasle-mobilizazioetan
Parisko protesta bat. — ARGAZKIA X-tik hartutakoa

Atzo ere kaleak hartu zituzten ikasleek Frantziako Estatu osoan barrena, asteak baitaramatzate ikas-baldintzak hobetu daitezela exijitzen. Bada, atzo soilik, 488 lagun atxilotu zituen Poliziak mobilizazioetan. Frantziako Barne Ministerioaren arabera, irailaren 28tik hona, 6.547 pertsona atxilotu dituzte denera; zenbait iturrik gaineratu izan dutenez, adingabeak dira gehienak.

Indar handiz jarraitzen dute ikasle-mobilizazioek aste honetan: atzo, esaterako, 450.000 bat lagun irten ziren kalera, antolatzaileen esanetan. Parisen, Estrasburgon, Toulousen eta Rennesen, besteak beste, manifestarien aurka kargatu zuen Poliziak, eta negar-eragileak eta ur-kanoiak erabili zituzten euren kontra.

Errepresioa izugarria izaten ari da: astelehenean bertan, ikasle batek eskua galdu zuen polizia-agente batek jaurtitako granadaren ondorioz. Zenbait hedabidek emandako datuen arabera, 215 gazte zauritu dira jada protestetan, eta hainbat ikerketa daude zabalik poliziek erabilitako biolentzia dela-eta.