Azkoitiko Gazte Asanbladak jazarpen kasu bat salatu du gaurkoan ere, bigarrena astebetean. Sare sozialen bidez jakinarazi duenez, gaur "hiru polizia auto" bertaratu dira Azkoitiko (Gipuzkoa) Matadeixe gune okupatura: "Gazte Asanblada bilduta geundela, ertzain nahiz udaltzainak agertu
dira; guztira hiru kotxe, eta bederatzi-hamabi polizia ziren". Barruan bilduta zeuden lagun guztiak irtenarazi dituzte poliziek eta, horretaz gain, asanbladako kide bat identifikatu dute. "Mehatxu ere egin digute: hurrengoan denok identifikatuko gaituztela eta bakoitzari 600 euroko isuna jarriko digutela esan digute", azaldu dute asanbladako kideek.
Bigarren indarkeria kasua denbora gutxian
Azkoitiko Gazte Asanbladak deituta, ehunka lagun bildu ziren Azkoitiko plazan pasa den igandean, hilak 7. Hain zuzen ere, herriko hainbat gaztek udaltzainen eta ertzainen partetik jasandako polizia jazarpena salatu zuten elkarretaratzean, eta "langile batasuna" aldarrikatu.