AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea Azkoitiko plazan. Argazkia: Azkoitiko Gazte Asanblada
2021/02/07 20:35

Atzo, hilak 7, poliziak hainbat gazte eraso zituen Azkoitian (Gipuzkoa). Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek salatu dutenez, "tabernak itxi orduko, polizia Azkoitiko gazteriaren aurka oldartu zen, mehatxuak, identifikazioak eta isunak jasan zituzten hainbatek; hori gutxi balitz, irainak eta eraso fisikoak pairatu genituen".


Jasandako eraso, identifikazio eta isunak salatzeko mobilizaziora deitu du gaurko Azkoitiko Gazte Asanbladak, eta ehunka lagun elkartu dira herriko plazan. Erasoak jasan dituzten gazteei elkartasuna adierazteaz gain, "langile batasuna" aldarrikatu dute eraso horien aurrean.


Aurkeztu berri den asanbladak salatu du "eraiki den estatu polizialak" eta "gazteok errudun bezala ikusarazteak" ahalbidetu dutela polizien atzoko oldarraldia. Kaleratu duten oharrean, eraso horiek "kapitalismoak ezartzen duen egiturazko biolentziaren ondorio direla" azaldu dute asanbladako kideek. Hala, "langile antolakuntzaren beharra" azpimarratu dute halako erasoei eta, orokorrean, "basakeria kapitalistari aurre egiteko".


Pobrezia orokortua eta kontrol soziala


Azkoitiko Gazte Asanbladak nabarmendu du atzo herrian gertatutakoa ezin uler daitekeela "egiturazko krisi kapitalista" kontuan hartu gabe. Hain zuzen ere, "osasun krisiaz harago", krisi kapitalistaren ondorioak "gizarteko sektore desberdinetan" ikus daitezke, asanbladaren arabera: "Langabezia tasaren igoera, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, miseriara kondenatzen gaituzten eta batzuetan iritsi ere egiten ez diren dirulaguntzak… Orokorrean, langile klasearen pobrezia ekarri du horrek ondorio bezala".


Testuinguru horretan, "kontrol sozialaren aldeko apustua" egin dela salatu dute, eta hori islatzen dutela, besteak beste, "langileon antolakuntza ezeztatzen duten neurri murriztaileek", "biltzeko, elkartzeko eta zirkulazio librerako eskubidearen ezabapenak edota ordutegi mugen ezarpenak".


Asanbladako kideen ustez, pandemiaren hedapena "aitzakia" baino ez da "askatasun eta eskubideak ukatzen dituen estatu poliziala eraikitzeko" eta, horren aurrean, nabarmendu dute "alderdi politiko guztiek" egin dutela "neurri murriztaileen alde".


Era berean, asanbladak salatu du martxan dela "gazteen aurkako kriminalizazio kanpaina" eta une oro "irudikatzen" direla gazteak "arduragabe gisa". Kanpaina horren helburua, "gizarte despolitizatu eta obediente bat ezartzea da", asanbladaren arabera.