Marokoren eta Ceutaren arteko muga igerian igaro dute azken orduetan milaka lagunek, eta gutxienez hamabost hildako utzi ditu saiakera lazgarri horrek. Orain, Espainiako Gobernuak erabaki ostean Armadak esku hartuko duela, kostaldeko lerrotik hiriaren bihotzera egin du jauzi tentsioak.
Atzo gauean eta gaur goizaldean, faxista talde batzuek hiri autonomoko kaleak hartu dituzte migratzaile iritsi berrien bila, ehiza moduko batean. Santiago Abascal Voxeko buruzagiaren eta beste hainbat sektore faxistaren diskurtsoek babesturik jardun dute, marokoarren migrazio masiboa "inbasiotzat" jo baitute. Dozenaka pertsona "patruiletan" mobilizatu dira Ceutan, Espainiako banderak eskuan zeramatzatela, kai-muturra inguratu berri zuten migratzaileak ehizatzeko eta erasotzeko. Aldi berean, beste herritar talde batek elkarretaratzea egin du Espainiako Gobernuak hirian duen ordezkaritzaren aurrean, igerian etorritakoen aurka protesta egiteko, "Pedro Sanchez, ¡hijo de puta!" oihukatuz.
Lekukoek eta inguruko bizilagunek muturreko erasoak salatu dituzte. "¡Yo soy español, español, español!", "¡Viva España!" eta "¡Fuera invasores!" oihukatuz, talde arrazistak hainbat auzotan zehar ibili dira pertsona marokoarren bila, haiek erasotzeko eta jipoitzeko asmoz. Istiluen jomugan, ordea, ez dira egon iritsi berri diren pertsonak soilik: erasotzaileen aurrean kexatu diren edo biktimei laguntzen saiatu diren bizilagunak ere jopuntuan dituzte faxistek.