ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/16 11:27

Gobernu berriaren kontrako protesten olatuaren aurrean, neurri errepresiboak inposatzen jarraitzen du gobernuak berak: larrialdi-egoera ezarri berri du Peruko hainbat eremutan, piztu diren protestak geratzen saiatzeko. Zehazki, Cusco, Lima eta Puno departamentuetan, Andahuaylas probintzian (Apurímac departamentua), Tambopata eta Tahuamanu probintzietan (Madre de Dios departamentua) eta Torata barrutian (Mariscal Nieto probintzia, Moquegua departamentua) hartu du neurri hori. Atzotik dago indarrean larrialdi-egoera aipatutako eremuetan, gutxienez 30 egunerako. Zenbait neurri zehatz dakartza horrek: bertan behera geratu dira "bizilekuaren bortxaezintasuna, lurraldetik askatasunez ibiltzeko eskubidea, biltzeko eskubidea, eta askatasun eta segurtasun pertsonalak" zona horietan. Punon, gainera, etxeratze agindua izango da martxan hamar egunez, 20:00etatik 04:00etara bitartean.

Gabonetako eten laburraren ostean, mobilizazio jendetsuak hasi ziren berriz Peruko hamaika lekutan. Batez ere, hauteskundeak urte honetara aurreratzea, Kongresua zarratzea edota Boluartek dimisioa aurkeztea exijitzen dute protestetan. Urtarrilaren 4an greba mugagabe bat hasi zen Peru osoan, eta kaleetan ez dute etenik izan mobilizazioek, salbuespen-neurriek eta indar militar eta polizialen errepresioak aurrera egin arren.

Pedro Castillo presidenteak dimisioa aurkeztu eta Perun krisi politiko berri batek leher egin zuenetik, gutxienez 47 lagun erail dituzte protestetan indar polizial eta militarrek. Ehunka izan dira atxilotuak, eta 500 pertsona baino gehiago zauritu dituzte. Aurreko astean jakinarazi zuten, antza, gaur-gaurkoz Peruko presidentea den Dina Boluarte ikertzen ari dela fiskaltza, protestetan izan diren hildako guztiengatik genozidioa leporatuta. Hiru ministro eta bi ministro ohi ere ikerketapean omen daude.

NO HAY COMENTARIOS