Wubi izeneko gazte batek 21 urte zituenean atxilotu zuten Mossos d'Esquadrako sei polizia-agentek, Sant Feliu Sasserran (Bartzelona, Katalunia). Gaztea bizi zen eraikin berean etxe okupatu bat husten ari zirenean izan zen erasoa: desalojoa gauzatzen ari ziren unean atera zen Wubi bere etxetik, eta hustean parte hartzen ari ziren poliziek ikusi egin zuten. Nortasun-agiriak eskatu zizkioten, iseka egin zioten eta zakar-poltsak bota zizkioten; beraz, korrika ihes egin zuen gazteak.
Husten ari ziren etxeko bizilagunei hots egin zien orduan Wubik, baina polizia-agenteak haiekin zeuden jada, eta poliziak berak erantzun zuen telefonora. Mehatxu artean, eraikinera itzul zedila agindu zioten Wubiri, eta hala egin behar izan zuek. Dena den, hortik aurrera gertatu zen guztia grabatzea lortu zuen.
Jipoia parkingean
Eraikinera bueltatu zeneko unea jasotzen du grabazioak. Gaztea entzuten da hasieran, "mesedez, ez iezadazue ezer egin" esanez. "Joan behera, orain ez zara korrika joango; poliziaren aurrean ez da korrika egiten", erantzuten diote mossoek. Eraikineko parkingera eramaten dute gaztea, eta kolpeak entzuten dira orduan grabatutako audioan, bai eta Wubiren oihuak ere: "Ni jotzen ari dira, ez dut ezer egin, zin dagizut".
Polizia-agenteen oihu eta mehatxu sadikoak entzuten dira orduan: "Burua aterako dizut", "ikusi duzu noizbait deabrua hain gertu?". Wubi ere entzun daiteke oihukatzen: "Zergatik zarete horrelakoak? Arrazistak zarete, esaten dizut. Beltza naizelako da, ez da?". Eta mossoek horren aurrean esandakoa, argia: "Ordenatuak gara".
Ez da hori polizien aldetik, kolpe eta kolpe artean, entzuten den irain arrazista bakarra. "Tximu bat zara", "beltz zikina", eta abar esan zizkioten gazteari. Eta hark berriz ere arrazistak zirela leporatzean, hala erantzuten dio agenteetako batek: "Arrazista ez, hurrengoa. Poliziarengana zoazen hurrengoan, tuntuna, egin ezazu korrika, baina saiatu oso urrutira joaten, Afrika baino urrutiago, agian".
Jipoitu ostean polizia-etxera eraman zuten Wubi, eta Manresako Sant Joan de Déu ospitalera lekualdatu behar izan zuten handik. Erradiografiak eta bestelako proba batzuk egin zizkioten erietxean, mossoak aurrean zirela. Epailearen esku utzi zuten gero, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita.
Kartzelara ez joateko akordioa
Gazteak jasotako grabazioa argitara atera zenean, 2020an, sona handia izan zuen. Urtebete baino gehiago igaro zen ordurako, eta une horretan, mossoak ordura arteko unitatetik atera eta tokialdatu egin zituen Kataluniako Barne Ministerioak.
Polizia moduan jarraitu dute lanean sei mossoek, eta orain, lau urte eta erdi beranduago, astelehen honetan jakinarazi dituzte Wubi jipoitu zutenen kontrako zigorrak (barne-mailako zigor-prozedura bat ireki zuen Generalitatak): Mossos d'Esquadratik bota ditu Barne Ministerioak, baina, akordio bati esker, ez dute espetxera joan beharko.
Urtebeteko kartzela-zigorra ezarri dietenez, ez dituzte espetxeratuko. 80.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote Wubiri, eta 300 euroko isun bat ezarri diete. Horretaz gain, giza eskubideei buruzko ikastaro bat egin beharko dute.
Astelehen goizean izan zen haien kontrako saioa Bartzelonako Justizia Jauregian, eta baldintza horiekin itxi zuten negoziazioa alde desberdinek. Gertatutakoaren kontakizuna aitortu zuten sei mossoek.