Pasaiako Escalerillasen kautelazko etxegabetzea agindu du epaileak

Pasaiako Portua aurrera doa Escalerillaseko etxebizitzak husteko eta eraisteko asmoekin. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, kautelazko desalojoa agindu du epaileak, bizilagunen azken helegiteari erantzun aurretik. Sei familia daude berehalako arriskuan. "Epaitegiek oraindik ez dute gure apelazioa ebatzi eta, hala ere, Portuak etxegabetzea behin-behinean gauzatzeko eskatu du. Epaileak jakinarazi berri digu Portuaren eskaera onartzen duela", salatu dute sindikatutik.

Escalerillaseko bizilagunek duela hiru urte jakin zuten kaleratu egin nahi zituela Portuak, etxeak botatzeko eta merkantziak garraiatzeko trenbide-sare bat egiteko. 40 urte baino gehiago daramatzate bertan bizitzen, eta hasieratik azpimarratu dute bertan geratu nahi dutela. Sindikatuak seinalatu izan duenez, "konpentsazio ekonomiko irrigarriak" eskaini izan dizkie Portuak bizilagunei, bakoitzaren bizi-itxaropenaren araberakoak; eta titulartasuna aitorturik dutenei bakarrik. Titulartasunik aitortu ez dieten bizilagunei ez diete kalte-ordainik ere eskaini.

Portuaren presioak medio, etxearen titulartasuna duten hiru bizilagunek konpentsazio-akordioak onartzea erabaki zuten joan den urtarrilean, "bi urteko borrokaren ondoren eskaintza ekonomikoak hobetu eta berdindu zituelako Portuak", sindikatuaren esanetan. Gainerako sei familiei, ordea, ez diete inolako alternatibarik eskaini Portutik, eta laster bota nahi dituzte euren etxeetatik.

Sei familia behin-behinean kaleratzeko agindua, kalte itzulezinekin

Titulartzat jotzen ez diren sei familia horien kasuan, zabalik jarraitzen du prozesu judizialak. Pasaiako Portuak epaitegian defendatu du bizilagun horiek "prekarioan" bizi direla Escalerillasen, eta kalte-ordainik eman gabe edo alternatibarik bermatu gabe bota daitezkeela bertatik. Horri kontra egin zion, ordea, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurkeztutako defentsa juridikoak: "Bizilagunen ordezkari gisa, epaitegietan ebatzitako gaiaren funtsa nabarmen aldatzen zuen dokumentazio berria aurkeztu zuen. Eraikin horiek ez dira jabetza publikoa, pribatua baizik, eta, beraz, isilbidezko subrogazioaren figura dago, hainbat hamarkada beren etxeetan bizitzen daramaten sei familia horiei aplikatu behar zitzaiena".

Epaitegiak ez du defentsaren apelazioari buruzko ebazpenik eman oraindik, baina hala ere, Portuaren eskaera onartu du epaileak, aipatutako familiak behin-behinean etxegabetu ditzatela eskatuz. "Alegazio horietan argudiatzen genuen, etxegabetzearen behin-behineko betearazpena eginez gero, kalte itzulezina eragingo litzatekeela, etxebizitzak eraitsiko liratekeelako eta bizilagunak ezingo liratekeelako beren etxeetara itzuli", argitu dute sindikatutik.

Etxe-kaleratzearen dataren zain daude orain bizilagunak eta sindikatua, eta adi daude apelazioari buruzko ebazpenera. Dena den, beldur dira ez ote den etxegabetzea iritsiko ebazpen hori baino lehen.

40 urteren ostean etxegabetuak

Sindikatuak gogorarazi duenez, "Portuaren jabetzako higiezin batez ari gara", eta Escalerillaseko familiak urte luzez egon dira portuari lotuta, bertako langileak eta euren familiak bizi izan baitira etxe horietan. "Haietako asko 80ko hamarkadan heldu ziren portu ingurura lanera eta, ordutik, era jarraikor batean alokairuak eta mantentze-gastuak hartu dituzte euren gain".

"2023tik injustizia honi aurre egiteko antolatuta egon dira bizilagunak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera. Urte hauetan mobilizazioak, asanbladak, elkartasun-egunak eta beste hainbat protesta-ekintza egin dituzte", gogorarazi dute. 2024ko ekainean, esaterako, mobilizazio jendetsu bat izan zen Trintxerpen, Escalerillaseko bizilagunentzako etxebizitza-alternatiba bat exijitzeko.

Interes pribatuek gidatutako proiektu bat, erantzukizun instituzionalekin

Escalerillaseko etxebizitzak eraisteko arrazoia, merkantzientzako trenbide bat eraikitzeko proiektua alegia, "interes pribatuak elikatzeko" plan bat dela nabarmendu du berriz sindikatuak. Obra diru publikoz ordainduko den arren, "Algeposa enpresaren kostu logistikoak gutxitzea" beste helbururik ez du. "Diru publikoa interes enpresarialak elikatzeko erabiltzen ari da, eta horren ondorioak Portuarentzat lan egiten duten familiek pairatuko dituzte", dio sindikatuak: "Argi geratzen ari da gizarte honetan interes ekonomikoak gailentzen direla, eta gainera, instituzioek zeregin aktibo bat daukate interes horien gauzapenean".

Horiek horrela, erantzuleetako batzuk aipatu dituzte sindikatutik: "Pasaiako Portua, blokea eraitsi eta familiak kaleratu nahi dituena. Instituzio hori Espainiako Garraio Ministerioko (Oscar Puente buru duena) Estatuko Portu Erakunde Publikoarekiko menpekoa​ da. Gainera, Portuko lehendakaria, Izaskun Goñi Razquin, 2025eko martxoan izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, Euskal Trenbide Sarea daukagu, Eusko Jaurlaritzak (EAJ) gestionatzen duena eta trenbide-sarea bera blokearen lurretan eraikitzeko ardura duena".