ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Plural
2024/10/14 07:51

Azken orduetan, Israelgo Estatu terroristaren aurkako hainbat eraso egitea lortu du Libanoko erresistentziak. Atzo, aldi berean entzun siren abisu-sirenak sionistek okupatutako zenbait eremutan ("Israel" iparraldean); hala nola Haifan, Akkon eta Nahariyan. Haifa hegoaldean, esaterako, drone bidezko eraso bat egin zuen Hezbollahk sionisten base militar baten kontra. Komunikabide sionisten arabera, 67 izan daitezke zaurituriko soldaduak.

Eta, bestalde, Libanoko mugatik hurbil "segurtasun-gertakari zail" bat izan zela jakinarazi zuten atzo iturri sionistek: horren ondorioz, 11 hildako edota zauritu eraman zituzten Rambamgo ospitalera helikopteroz, hainbat irudik erakutsi dutenez.

"Kasko urdinen" aurkako erasoak

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) kontra ere jotzen ari da Israelgo Estatua. Azken egunetan, gutxienez bost "kasko urdin" zauritu ditu, bai leherketa bidez bai tiroz. Azkena ere Naqouran zauritu du, balaz, oraindik argitu ez duten eraso batean. Eta, asteburuan, NBEren Libano hegoaldeko "misioaren" (UNIFIL) operazio bat blokeatu dute sionistek.

UNIFILek berriki jakinarazi du, gainera, bart nazioarteko erakundearen base batera (Ramyahn) sartu direla sionisten hainbat tanke: sarrerako atea suntsitu eta barrura egin dute goizaldeko 04:30ak aldera. Azkenean, joan egin dira. Handik ordu gutxira, 100 metro ingurura egin dute tiroketa bat sionistek, eta, itxura denez, arma kimikoak erabili dituzte erasoan. NBEko hamabost agente zauriturik omen daude, azala eta organoak kaltetuta.

Lehen ministro sionistak, Benjamin Netanyahuk, asteburuan exijitu zien "kasu urdinei" Libanotik joan daitezela. Aitzakia modura jarri du Hezbollahk NBEko agenteak erabiltzen dituela "giza-ezkutu" modura, eta indar militar sionistei egindako kritika oro gaitzetsi du.

NBEko Segurtasun Kontseiluak esan du bere misioen kontra "nahita egindako eraso oro" dela "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta Segurtasun Kontseiluaren 1701 ebazpenaren [Libano eta sionisten arteko 2006ko gerrari amaiera eman zion ebazpen horrek] urraketa larri bat", enegarrenez ohartarazita Israelgo Estatuaren urraketa batez. Baina, oraingoan ere, ez du sionisten kontrako inolako neurririk iragarri.

Anbulantziak ere jopuntuan

Indar sionistek mehatxua egin dute, eta badirudi edozein aitzakiak balio diela, kasu honetan, osasun-arreta oztopatzeko. Libanon anbulantziak ere helburu militar bat dira sionistentzat, Hezbollahk ibilgailu horiek "terroristak eta armak" garraiatzeko baliatzen dituela argudiatu baitute. Israelgo Defentsa Indarrek (IDF, ingelesez) "beharrezko neurriak" hartuko omen dituzte.

Libano hegoaldea eta Beirut hiriburua bonbardatzen jarraitzen dute, bestalde. Duela hilabete baino gutxiago ekin zioten oldarraldi militarrari Libanon, eta 2.200 pertsona baino gehiago erail eta 10.000 inguru zauritu dituzte jadanik. Hori gutxi balitz, 1,2 milioi pertsonak egin behar izan dute alde euren etxeetatik, eraso sionistetatik ihesi.

Jeneralen Plana Gazako Zerrenda iparraldean

Bitartean, Gazako Zerrenda iparraldean erabateko sarraskia mantentzen du Israelgo Estatuak, erasoak areagotuta (zenbait iturrik diote Palestinako erresistentziaren indartze bati erantzuten diola horrek). Jabaliako errefuxiatu-eremuan, adibidez, aireko nahiz lurreko erasoak egiten jarraitzen du, nahiz eta indar sionistek ez dituzten bertan egindako azken erasoak zehaztu. Milaka palestinar berriki itzuli dira Jabalia ingurura eta bertan harrapaturik daude une honetan, nora jo ez daukatela.

Sionistek "ebakuazio" masiboak agintzen segitzen dute Gaza iparraldean, palestinarren garbiketa etnikoa helburu duen Jeneralen Planeko lehen fasea betetzeko: igorri dituzten huste-aginduek Zerrenda iparralde osoa hartzen dute jadanik, eta Jabaliako errefuxiatu-eremua ere barne hartzen dute.

Libanoren aurkako operazioaren babesean, Gazako Zerrendako palestinar guztiak iparraldetik hegoaldera mugiarazi nahi dituzte sionistek. Jeneralen Planak ondokoa planteatzen du, hain zuzen ere: "Biztanleria zibil guztia [iparraldea] uztera behartzea. Bertan geratzen dena terrorista gisa kondenatuko da legez, edota gose- edo hondamen-prozesu bat ezarriko zaio. Astebetean, Gazako Zerrenda iparraldeko lurralde osoa lurralde militar bihurtuko da".

AEBak, sionisten esanetara

Amerikako Estatu Batuek eta Israelgo Estatuak eskutik segitzen dute, elkarrentzat gotorleku bat izaten. Berdin dio uneko politikari profesionala zein den; AEBetako hamaika agintarik eta politikarik jarraitzen dute sionistei babesa erakusten. Azkena Kamala Harris presidenteorde demokratak egin du: esan du "defendatzeko behar duen guztia" ziurtatuko diola Israeli, eta "beti" egingo duela lan "Israelen eta herri juduaren segurtasuna bermatzeko".

NO HAY COMENTARIOS