ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/15 13:53

Palestinaren nahiz palestinar erresistentziaren aldeko eta Israelgo Estatu genozidaren kontrako mobilizazio-eguna izan da gaurkoa Euskal Herrian ere. Nakbaren urteurrena da gaur, maiatzaren 15a, eta, horri lotuta, mobilizazio ugari egin dituzte hainbat herritan, hezigunetan eta bestelako lantokitan.

Esaterako, gaurkoan ere zenbait ikastetxetan jo dute protestara ikasleek eta irakasleek. Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak bigarren hezkuntzako eskola askotan deitu du mobilizatzera azken egunetan, eta gaur ere izan dira ikasleen mobilizazioak. Iruñerrian (Nafarroa), gainera, protesta-itxialdiak egin dituzte bart ehunka ikaslek, zazpi ikastetxetan zehazki.

Heziguneetan langileak ere mobilizatu dira gaurkoan, baina. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren deiari erantzunez, hainbat ikastetxetan egin dute protesta hezkuntza-langileek, ikasleekin batera zenbait kasutan. Hala izan da, besteak beste, Lekeitioko (Bizkaia) institutuan, Eibarko (Gipuzkoa) Armeria eskolan, Gernikako (Bizkaia) institutuan, Gasteizko (Araba) Unamunon eta Sansomendin, Bergarako (Gipuzkoa) Ipintzan, Atarrabiako (Nafarroa) institutuan, Durangoko (Bizkaia) BHIn edota Beasaingo (Gipuzkoa) institutuan.

Lan-zentro gehiagotan ere egin zuen mobilizatzeko deia Palestinarekin Elkartasunak; hain zuzen ere, osasun-zentroetan. Goizean zehar, hala, osasun-langileak ere mobilizatu dira Palestinaren askatasunaren alde: Donostiako (Gipuzkoa) ospitalean, Arrasatekoan (Gipuzkoa), Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia), Iruñeko (Nafarroa) Principe de Vianan, Errenteriako (Gipuzkoa) Iztietako anbulatorioan eta Gasteizko Txagorritxun.

Arratsaldean, mobilizazioak herriz herri

Mobilizazioek ez dute etenik izan arratsaldean. Israelen eta bere Mendebaldeko konplizeen aurka lelopean, kalera irteteko deia egin du, adibidez, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Herri askotan antolatu dituzte protestak lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek, eta jende ugari batu da horietara: Zumaian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Irurtzunen (Nafarroa), Hondarribian (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Gernikan, Garesen (Nafarroa), Galdakaon (Bizkaia), Eibarren, Durangon, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Beasainen, Baionan (Lapurdi), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Arrasaten.

Beste hainbat herritan, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deitu du mobilizatzera, EHKSren aldarri berdinak bere eginda. Hain zuzen ere, Laudion (Araba), Elizondon (Nafarroa), Ortuellan (Bizkaia) eta Izarran (Araba) egin ditu elkarretaratzeak GKSk.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan, BDZk eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere egin dituzte protestak gaurkoan, eta horietara batzera deitu du EHKSk. Iruñean atzo izan zen BDZren mobilizazio bat, baina Bilbon (Bizkaia), Donostian eta Gasteizen gaur izan dira plataforma horrek deitutako kontzentrazioak. Lizarran (Nafarroa) eta Altsasun (Nafarroa) ere izan dira protestak, Palestinarekin Elkartasunak antolatuta.

Gaurko mobilizazio horietan guztietan, dei egin dute Palestinarekin Elkartasunak larunbat honetarako antolatu duen manifestazio nazionalera batzera. Iruñean izango da, 12:30ean Antoniuttitik hasita.

Palestinarren askatasuna, Israelen desegitearen eskutik

Nakbaren urteurrenaren harira, gaurkoan ere hitza hartu du EHKSk. Hamaika eskualdetan egindako mobilizazioetan oroitarazi du "sionismoak palestinarren aurka abiarazitako erasoaldiaren ondotik" sortu zutela ofizialki Israelgo Estatua deitzen dena, duela 76 urte, "Mendebaldeko potentzia inperialisten babesarekin". "Gertaera horrek argi erakusten du estatu sionistaren oinarria Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren aurkako kanporaketa eta erailketa izan direla hasieratik", seinalatu du EHKSk.

"Gertaera horrek [Nakba] argi erakusten du estatu sionistaren oinarria Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren aurkako kanporaketa eta erailketa izan direla hasieratik"

Azaldu du sionistek zazpi hilabete baino gehiago daramatzatela "inpunitate osoz Gaza suntsitzen eta palestinarrak beren lurretatik kanporatzen". Eta, hori gutxi balitz, "aurreko astean Rafah suntsitzeko erasoa abiarazi" zuten indar militar sionistek, beste ehunka palestinar erailda eta zaurituta. "Rafahko eraso kriminalak argi erakusten du Israelek ez duela palestinarren kontrako sarraskia gelditzeko asmorik", ohartarazi dute EHKSko kideek.

Baina "estatu sionistaren inpunitatearen oinarrian", hain zuzen ere, "Mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen sostengua" dagoela salatu dute. "Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek, aldiz, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren, ez dute neurri errealik hartzen genozidioa gelditzeko", zehaztu dute.

"Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek, aldiz, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren, ez dute neurri errealik hartzen genozidioa gelditzeko"

Horren adibidetzat jo dute PSOEren gobernua: "Palestinaren aldeko adierazpenak egin eta laster Palestinako Estatua aitortuko duen arren, Israeli inoiz baino arma gehiago saltzen ari da eta estatu sionistarekin harreman diplomatiko, politiko eta ekonomikoak izaten jarraitzen du. Hau da, genozidioa aktiboki babesten ari da". Zentzu horretan, "Espainiako Gobernuaren eta bere sostengu diren alderdien posizio hipokrita" seinalatu du EHKSk.

Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiaren esanetan, "Palestinaren aitortza formala zein bi estatuen proposamena gehiago dira sozialdemokraziaren aurpegi zuriketarako promesa faltsuak, soluzio erreal eta justuak baino". Bi arrazoi nagusi aipatu ditu hori esateko: "sionismoak hamarkada luzez frogatu duela ez dagoela prest estatu palestinar bat eta milioika errefuxiaturen itzulera onartzeko", eta "palestinar estatu baten onarpen formal batek ez dituela sionisten kolonizazioa eta hedapena geldituko".

Aipatutako proposamenek, gainera, Israel legitimatzen dutela eta "palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea ukatzen" dutela argitu du EHKSk. "Gure ustez, palestinarren askatasuna Israelen desegitearen eta Palestinaren deskolonizazioaren eskutik etorriko da. Eta, horretarako, palestinarren erresistentziarako eskubidea babestu eta sionismoaren konplizeak borrokatu behar ditugu", aldarrikatu du.

"Gure ustez, palestinarren askatasuna Israelen desegitearen eta Palestinaren deskolonizazioaren eskutik etorriko da. Eta, horretarako, palestinarren erresistentziarako eskubidea babestu eta sionismoaren konplizeak borrokatu behar ditugu"

"Presente izan behar dugu palestinar herriaren aurkako sarraskia eta Mendebaldeko herrialdeen militarizazioa txanpon beraren bi alde direla", erantsi dute EHKSko kideek gaurkoan: "Kapitalismoak bere oinarrian dauka gerrarako joera. Palestinako genozidioa eta NATOko herrialdeak gerrarako prestatzen aritzea dinamika kapitalista beraren bi aurpegi dira". Hori dela eta, "palestinar herriaren askatasunaren alde eta gerrate inperialista guztien kontra", ezinbestekotzat jo dute "klase kapitalistari aurre egingo dion nazioarteko indar sozialista bat antolatzea". EHKSk, hain justu, "norabide horretan lanean" jarraituko du.

"Kapitalismoak bere oinarrian dauka gerrarako joera. Palestinako genozidioa eta NATOko herrialdeak gerrarako prestatzen aritzea dinamika kapitalista beraren bi aurpegi dira"

NO HAY COMENTARIOS