ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/04 08:21

Azken egunetan, Bizkaitik eta Nafarroatik pasatu da Espainiako Vuelta, eta Palestinaren aldeko aldarri ugari ikusi dira ibilbidean zehar, Israel Premier Techen kanporatzea exijituz. Atzo, gainera, txapelketa normaltasunez ez zedila gauzatu lortu zuten estatu sionistaren aurkako protestek: Bilboko helmuga Palestinaren askatasunaren aldeko erreibindikazioz beterik zegoela ikusita, antolatzaileek erabaki zuten hiru kilometro lehenago geratzea lasterketa, eta ez zuten txapeldunik izendatu.

"Palestinar herriaren aldeko garaipena da atzokoa, eta lehen pausoa izan daiteke IPT talde sionista lasterketatik kanporatzeko", nabarmendu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Gogorarazi du atzo egindako protesta-ekintza ugaritan, Enekuriko igoerako bide-mozketan adibidez, IPT Vueltatik bota dezatela exijitu zutela: "Israelek bere irudia nazioartean garbitzeko darabil kirola, Mendebaldeko herrialdeen konplizitatearekin". Horregatik, plataformak "ezinbestekotzat" jo zuen "konplizitate horien aurka presioa egitea, genozidioa gelditu eta Palestinaren askatasuna lortzeko".

Elkarretaratzea gaur arratsaldean Bilbon, atxilotuekin elkartasunez

Atzoko protestetan jasandako errepresio poliziala salatu du Palestinarekin Elkartasunak, gutxienez hiru lagun atxilotu eta haietako bat zauritu baitzuen Ertzaintzak. Bestalde, Bingen Zupiria jeltzaleak mobilizazioak kriminalizatzeko egindako saiakera ere gaitzetsi du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak "gizabidearen aurkako jarreratzat" hartu baitzituen sionisten aurkako protestak.

Atxilotuei elkartasuna adierazteko eta, horrekin batera, Israelgo Estatuak Mendebaldean dituen konplizeak seinalatzera deitzeko, plataformak kontzentrazio bat antolatu du gaur arratsalderako. Bilboko Arriaga Plazan izango da, arratsaldeko 19:00etan. 

NO HAY COMENTARIOS