Azaroaren 15ean izango da Euskal Selekzioaren eta Palestinakoaren arteko lagunarteko futbol-partida, Bilboko (Bizkaia) San Mames estadioan. Gaueko 20:30ean ekingo diote partiduari, eta horren aurretik, kaleak aldarriz betetzeko ekimen bat antolatu dute Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat zale taldek: 18:30ean hasita, Areatzatik San Mameseraino joango den kalejira bat egingo dute, palestinar erresistentziaren defentsan.
Indar Gorri, Bultzada, Iraultza, Herri Norte, Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Indar Armagina, Indar Hori Beltz, South Side Taldea eta Indar Baskonia daude kalejira antolatu duten taldeen artean, Palestinarekin Elkartasunaren eskutik. "Estatu sionista Palestinan egiten ari den genozidioaren aurrean", beharrezkotzat jo dute mobilizatzen jarraitzea, "palestinar erresistentzia babesten eta Israelen zein bere Mendebaldeko konplizeen kontra presioa egiten jarraitzeko". Euskal Herria-Palestina goiburu, kalejiran parte hartzera deitu dute antolatzaileek.
Azaroaren 15eko partidarako sarrerak salgai daude, gainera, Euskal Herriko hamaika puntutan, eta autobus ugari antolatzen ari dira Bilbora mugitzeko. Besteak beste, zaletuen taldeek zabaldu dute sarreren salmentari buruzko informazio zehatza, euren sare sozialetan.