ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Tolosaldeko Ataria
2020/02/11 16:43

Pasa den urteko abendutik daude borrokan Tolosako (Gipuzkoa) Arriaran Avia gasolindegiko langileak. Lan baldintzen hobekuntza helburu, boikoterako deia eta kale astintzea izan dituzte ardatz azken hilabeteetan. Negoziazio mahaiak iraun duen hiru hilabeteetan, ordea, langileek ez dute negoziazio asmorik ikusi enpresaren aldetik; hitzarmen propio bat sinatzeari uko egin dio zuzendaritzak.

Egoera gainditu eta enpresari aurre egin asmoz, greba mugagabea hastea erabaki dute langileek; atzo goizean egindako agerraldi publiko batean eman zuten erabakiaren berri. Otsailaren 18an hasiko duten greba, gerentziaren "nagusitasunari aurre egiteko tresna" modura kokatu dute Avia Arriarango langileek. "Behar duguna borrokatuko dugu gure lan baldintzak duintzeko", zioen atzoko agerraldian ELAko ordezkariak.

Borrokari erantzuna

Tolosako gasolindegiko beharginek aldez aurretik salatu dutenez, martxan duten borrokak enpresaren erantzuna ekarri du. Boikoterako deiaren eraginez salmentak %10 jaitsi direla argudiatuta, enpresak "mendekua hartu" nahi izan duela adierazi dute langileek; izan ere, greba orokorraren bezperan bi langile kaleratu zituzten eta gainontzekoei ordutegi aldaketak aurkeztu zizkieten, baldintzak are gehiago okertuz. Beharginek, euren "baldintzak hobetzen saiatzeagatik" harturiko neurri disziplinario modura identifikatu dituzte mugimendu horiek.

Aurrera begira

Langileen esanetan, greba mugagabea deitzeak mugimenduak ekarri ditu enpresako zuzendaritzaren partetik, enpresak asteburu honetan erantzun baitio langileek duela hiru hilabete aurkezturiko proposamen bati. Hala, langileek ireki duten eszenatoki berrian, negoziaketarako "benetako borondatea" espero dute.