Joan den ekainerako zegoen ezarrita, berez, Berangoko (Bizkaia) Otxantegi Herri Lurren hustea. Ekainaren 17an, hala, mobilizazio bat izan zen, Espekulazioa eten... Ito baino lehen! lelopean. Bi urteko ibilbidea duen ortu komunitarioa huste arriskuan zegoela gogorarazteaz gain, Berangoko hirigintza-espekulazioa salatu zuten: Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) barruan, 2.300 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi dituzte herrian, eta horri lotuta dago Otxantegi Herri Lurren desalojoa.
Proiektuko kideek jakinarazi dutenez, "epaiketa-prozesu luze baten ostean", badiru baduela behin betiko data bat lurren husteak: datorren ostegunerako, azaroaren 23rako, agindu du desalojoa epaitegiak. Hori dela eta, elkarretaratze batera deitu dute egun horretarako: "erresistentzia-gosari bat" prestatu dute 08:30erako, hain justu.
"Hirigintza eredu basati horren aurrean, espazioa defendatzen jarraituko dugu, espekulazioa babesten duten legeen kontra egin behar badugu ere", esan dute Otxantegikoek: "Ezin diegu Uribe Kostako nekazal lur guztiak suntsitzen utzi, ezta gure etorkizunak hipotekatzen ere; zertarako eta lurjabeen eta eraikitzaileen patrikak betetzeko".
Zazpiren bat, 30 milioi euro eta 8 hektarea
Gogorarazi dute Aguirre-Lipperheidde familia dela Otxantegi lurren jabea, eta hori ez dela inola ere sendi horren jabetza bakarra: "Berangoko azaleraren zazpirenaren jabe da". Berangoko hirigintza-proiektu berriekin, 30 milioi euro irabazi nahi ditu familiak, itxura denez.
Berangoko ortu komunitarioaren hustearekin, "8 hektarea nekazal lur gal daitezke", proiektuko kideek ohartarazi dutenez. "Krisi ekologiko bete-betean, gertuko elikagaien ekoizpena eta elikadura burujabetzaren garrantzia azpimarratzen den honetan [...], halako hirigintza-proiektu ustel bat ekozidio hutsa da, baita etorkizunerako kondena ere", esan dute.
Erakunde publikoen iruzurra eta etxebizitza eskubidea
"Instituzioak, Berangoko Udala bereziki, etengabe tematzen dira neurrigabeko eraikitze hori etxebizitza eskubidea bermatzeko bidea dela sinets dezagun", seinalatu dute Otxantegiko kideek: "Baina, guk, zementua gure herriak irensten ikusi dugu, inguruko paisaia grisez margotzen. Eta hainbeste eraiki arren, etxebizitzaren prezioak igotzen jairraitzen du, eta alokairuek gero eta gehiago estutzen gaituzte. Loturarik ba al du horrek aipatutako eskubidea bermatzearekin? Haien negozioak baino ez dira, gure lepotik eginak".