AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/20 11:55

Aurreko larunbatean, Espekulazioa eten... Ito baino lehen! lelopean mobilizatu ziren ehunka pertsona Berangon (Bizkaia). Herriko hirigintza-espekulazioa salatu zuten modu horretan, baita Otxantegi Herri Lurrei babesa eman ere: biharko, ekainaren 21erako, dago jarrita baratze komunitarioaren hustea.

Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) jarri zuten jopuntuan manifestariek, besteak beste. Plan horrek herrian 2.300 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du, "horietako bat ere ez alokairu sozialeko erregimenean". Hala, aldarrikatu zuten etxebizitza ez dela "negozio bat", eta Berangoko "espekulazioak alokairuaren eta etxebizitzaren prezioak garestitu besterik" ez dituela egin.

Horri guztiari lotuta, Otxantegi Herri Lurren kontrako huste-prozedura salatu zuten. Aguirre-Lipperheidde familiaren jabetzakoak dira lur horiek, eta, larunbateko manifestazioan, familia horren jauregiko lorategira hazi-bonbak jaurti zituzten manifestariek. "Ez dugu amore emango, badakigu zer den taldean lan egiteak ematen duen indarra, eta errepresio-estrategia edozein dela ere, Uribe Kostako lur emankorrak defendatzen jarraituko dugu", esan dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK