ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Ok Diario
2022/09/01 08:58

Lurralde Politikako ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak, Isabel Rodriguezek, joan den ostegunean hitz egin zuen datorren neguari buruz: "negu oso gogorra dator", adierazi zuen. Batez ere, Ukrainan leher egin duen gerrarekin lotu zuen hori, Errusiaren kontrolpeko gasaren horniduran etor daitezkeen murrizketek izan dezaketen eraginari erreferentzia eginda —Errusiak Nord Stream gasbidea itxi du aste honetan bertan, hiru egunez—. Gas horniduraren murrizketak areagotu egiten du elektrizitatearen garestitzea, besteak beste.

Margarita Robles Espainiako Estatuko Defentsa ministroaren arabera, "sufrimendu handia" izango da neguan, eta Teresa Ribera hirugarren lehendakariordeak dioenez, "Putinen xantaia" dela-eta, "oso konplikatua" da Europaren egoera, batez ere, Alemanian edota Austrian. Energiaren erabilera arautzeko eta mugatzeko "errazionamendu txartelak" errealitate bat izan daitezke herrialde horietan, iragarri dutenez.

Rodriguezen esanetan, "Espainiak ez du Errusiako gasarekiko mendekotasun hori", baina jakinarazi du gerra "eragina izaten" ari dela, "nahiz eta Espainiak ahalegin handia egin duen inpaktua txikiagoa izan dadin". "Egin behar dugun guztia egingo dugu behar gaituen jendearen ondoan egoteko", gaineratu du bozeramaileak.

Europar Batasunean iragarpen berdinak egin dituzte neguari dagokionez. Renew Europe taldeko eurodiputatu Susana Solisek ere berriki aitortu du "negu zaila" datorrela, gas gabeziak izan ditzakeen ondorioak direla-eta. Bruselan hainbat neurri atera dituzte mahaira: plaka fotovoltaikoak ezartzeko laguntzak erraztea, gasa erosteko Europa mailako plataforma bateratu bat sortzea, edota Errusiako gasarekiko mendekotasunik ez izateko alternatibak aztertzea, esaterako, Ipar Amerikako gas likidotua.

Negu honi buruzko iragarpenetik harago joan da Alexander de Croo Belgikako lehen ministroa: energia gabezia bost edo hamar urtez luza daitekeela esan du.

Neurriak

Datorren neguari aurre egiteko, Energia Aurrezteko Plana deiturikoa prestatu du Espainiako Gobernuak, baina hainbat adituk ohartarazi dutenez, hutsune nabarmenak ditu; besteak beste, gas naturalaren kontsumoa handitzearen bidez murrizten duelako energiaren erabilera. Espainiako Estatuak, izatez, konpromiso bat hartua du Europako Batzordearekin: abuztuaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, %7 murriztea energiaren kontsumoa.

Energia Aurrezteko Planaz gain, neurri gehiago iragarri ditu gobernuak, eta horri lotuta ari da Kontingentzia Plana delakoa idazten, osagarri modura. "Gasa aurrezteari" begirako hainbat neurri hartzea dauka helburu Kontingentzia Planak, baita estatua balizko "krisi energetiko baterako" prestatzea ere.

Oraingoz, Espainiako Gobernuak baztertu egin du biztanleen gasaren kontsumoa mugatzea, baina berez, aukera hori barne hartzen du Kontingentzia Planak. Hilabete honetan helaraziko dio plana Bruselari.

NO HAY COMENTARIOS