EAEko osasun-sare publikoan, Osakidetzan, ehunka laguni jarri dizkiete iraungitako txertoak. Atzo jakinarazi zuten hainbat hedabidek, Osakidetzak argitaratutako oharraren berri izatean: 253 lagunek jaso dute "duela gutxi" iraungi omen diren txerto hexabelente horiek, gehienak haurtxoak. EITBk jaso duenez difteria, tetanosa, kukutxeztula, haemophilusa, polioa eta B hepatitisari aurre egiteko dosiak ziren, teorian. EAEn, bi, lau eta 11 hilabeteko umetxoek jaso ohi dute txerto hori.
Hamabi Erakunde Sanitario Integratutan (ESI) eman dituzte txerto akastunak, beraz, EAEn martxan dauden hamahiru ESIetatik ia denetan. Honako protokoloa jarri du martxan Osasun Publikoko Zuzendaritzak, Diario Vasco-ren esanetan: kasuak identifikatzea, familiekin harremanetan jartzea, eta hitzordu berri bat ematea dosi egoki bat ipintzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak esan du iraungitako txertoak jasotzeak ez dakarrela arriskurik, baina gomendagarria dela iraungi gabeko bigarren txerto hexabelente bat jartzea.
Osakidetzak ez du argitu, dena den, nola gertatu den akatsa. Diario Vasco-k aipatu duenez, txertoen biltegiratzearen kudeaketan eta iraungitze-daten kontrolean izan omen da hutsegitea.