38 milioi baino gehiago dira oporretako gastuei aurre egin ezin dieten langileak Europar Batasunean. Sindikatuen Europar Konfederazioak (SEK) argitaratutako datuen arabera, batasuneko 11 herrialdetan igo da arrazoi ekonomikoengatik oporretara joan ezin diren soldatapeko langileen ehunekoa.
Hori gutxi balitz, gogoan izan behar da kalkulu horretan ez direla langile klaseko bestelako sektoreak kontuan hartzen: langabeak, pentsiodun pobreenak, bazterketa sozial egoeran dauden proletarioak edota langile klaseko familietako adin txikikoak zein ikasleak. Hala ere, errealitate horretara apur bat gerturatzeko balio dezakeen beste datu bat ematen du ikerketak: oporrik hartu ezin duten biztanle guztien ehunekoa EBko estatu kideen erdietan baino gehiagotan handitu da 2019. eta 2020. urteen artean.
Errumania (%47), Grezia (%43,4) eta Lituania (%41) dira astebeteko irteera bat ere egin ezin dezaketen langileen ehuneko altuenak dituzten herrialdeak; hor ere langiletzat une horretan soldatapean ari direnak bakarrik jota. Bestalde, termino absolutuetan, Italiak (8 milioi), Espainiako Estatuak (4,6 milioi) eta Frantziako Estatuak (4,1 milioi) dituzte arrazoi ekonomikoengatik oporrik gabe geratzen diren soldatapeko langile gehien.
Gainera, oporrik gabe geratzen ari diren enplegatuen ehunekoaren igoera ez da herrialde semi-periferikoetan bakarrik sumatzen. Danimarka, Finlandia eta Luxenburgo bezalako herrialdeetan ere urte batetik bestera igo da indizea: %1,1, %1,2 eta %0,2, hurrenez hurren.
Inflazioaren eragina ikusteke