AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/28 10:48

38 milioi baino gehiago dira oporretako gastuei aurre egin ezin dieten langileak Europar Batasunean. Sindikatuen Europar Konfederazioak (SEK) argitaratutako datuen arabera, batasuneko 11 herrialdetan igo da arrazoi ekonomikoengatik oporretara joan ezin diren soldatapeko langileen ehunekoa.

Hori gutxi balitz, gogoan izan behar da kalkulu horretan ez direla langile klaseko bestelako sektoreak kontuan hartzen: langabeak, pentsiodun pobreenak, bazterketa sozial egoeran dauden proletarioak edota langile klaseko familietako adin txikikoak zein ikasleak. Hala ere, errealitate horretara apur bat gerturatzeko balio dezakeen beste datu bat ematen du ikerketak: oporrik hartu ezin duten biztanle guztien ehunekoa EBko estatu kideen erdietan baino gehiagotan handitu da 2019. eta 2020. urteen artean.

Errumania (%47), Grezia (%43,4) eta Lituania (%41) dira astebeteko irteera bat ere egin ezin dezaketen langileen ehuneko altuenak dituzten herrialdeak; hor ere langiletzat une horretan soldatapean ari direnak bakarrik jota. Bestalde, termino absolutuetan, Italiak (8 milioi), Espainiako Estatuak (4,6 milioi) eta Frantziako Estatuak (4,1 milioi) dituzte arrazoi ekonomikoengatik oporrik gabe geratzen diren soldatapeko langile gehien.

Gainera, oporrik gabe geratzen ari diren enplegatuen ehunekoaren igoera ez da herrialde semi-periferikoetan bakarrik sumatzen. Danimarka, Finlandia eta Luxenburgo bezalako herrialdeetan ere urte batetik bestera igo da indizea: %1,1, %1,2 eta %0,2, hurrenez hurren.

Inflazioaren eragina ikusteke

Beste ikerketa batzuetan bezala, hemen ikusitakoak ere 2019tik 2020ra arteko datuak dira. Bizitzaren kostuaren krisiak langileen gaineko presioa areagotu duela gogorarazi du SEK-k: "Gero eta gehiago dira hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituztela diotenak; horren ondorioz, oporrak are urrunago daude". Gauzak horrela, oso litekeena da proletarizazioaren zantzuak oporren arloan ere are gehiago nabarmentzen joatea. Aurreko datuak bat datoz Europako enpresen mozkin-kuoten igoerarekin, horrek, SEK-ren hitzetan, zera esan nahi du: "Exekutiboek eta akziodunek diru gehiago bereganatzen dute haien artean, langileen kalterako".

EZ DAGO IRUZKINIK