Espainiako Gobernuak asteartean azaldu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerari buruzko dokumentuak desklasifikatuko zituela, eta atzo eguerditik daude eskuragarri Moncloaren web-orrian. Espainiako Defentsa Ministerioak paperak argitaratzeko baimena eman du, "Estatuaren segurtasunerako eta defentsarako arriskurik ez" dutela iritzita. Gobernuak dokumentuak argitaratu eta ordu gutxira, hamaika hedabidek jakinarazi zuten estatu-kolpea gidatu zuen teniente koronela, Antonio Tejero, hil egin zela. Gauean eman zuten berria.
CESIDeko sei agentek parte hartu zuten kolpean
Artxiboek baieztatzen dutenez, CESIDeko (garaiko inteligentzia-zerbitzua) Misio Berezien Talde Operatiboko (AOME) sei kidek "aktiboki parte hartu zuten" kolpisten saiakeran, eta haien inplikazioa ezkutatzen saiatu ziren. Horrela jasotzen da Europa Press-ek zabaldutako txosten desklasifikatuetako batean, eta seinalatzen da agente horiek "gertaerak otsailaren 23a baino lehen ezagutzen zituztela" edo haiek "planifikatutako laguntza operatibo bat gauzatu zutela" gero.
Bost agente aipatzen dira, beren karguagatik: Garcia Almenta kapitaina, Gomez Iglesias kapitaina, Miguel Sales sarjentua, Monge Segura kaboa eta Moya Gomez kaboa. Haiei guztiei buruz esaten da "gertakari zehatzen" berri zutela, kolpea izan aurretik. Gainera, Jose Luis Cortina komandantea ere aipatzen da dokumentuetan, CESIDeko eliteko unitatea zuzentzen zuena eta O23ko epaiketan absolbitu zutena. Txostenen arabera, "ez dago egiaztatuta" Cortinak saiakera kolpistaren berri zuenik, "baina hala izan zela pentsatzeko zantzuak daude". Kolpearen ondoren, sei agenteak "haien parte-hartzea estaltzen saiatu ziren, haien mugimenduak justifikatuko zituen operazio bat aktibatuz".
Dokumentuek errege emeritua seinalatzen dute: CNIk ontzat eman zuen kolpistekin bildu zela
Espainiako Inteligentzia Zentroaren (CNI) beste dokumentuetako bat, 1982ko otsailaren 5ekoa, Juan Carlos I. errege emerituari buruzkoa da zuzenean. Txosten horrek dio "iritzi-gune kualifikatu batzuetan" ziurtatzen zela erregeak "isilpeko elkarrizketa batzuk" izan zituela O23an parte hartu zuten figura nagusiekin. Zirkulu horien arabera, Juan Carlos I.ak isilpean hitz egin omen zuen Jaime Milans del Bosch teniente jeneralarekin; estatu-kolpe saiakeragatik kondenatutako militarretako batekin.
Militarren arteko elkarrizketei buruzko idatziak jasotzen duenez, "Errege Etxeko pertsona oso garrantzitsu" bat Alfonso Armada jeneralarekin (beste auzipetuetako bat) bildu zen, "prozesuko [judiziala] ahozko bistari buruzko jokabideak harekin zehazteko". Milans del Boschen kasuan, erregearekin biltzea eskatu omen zuen, "bitartekaririk eta beheko katebegirik onartu gabe". Europa Press-en esanetan, CESIDek dio "iritzi-zirkuluetan ZIURTATZEN da erregea Milans del Boschekin isilpean elkarrizketatu dela". Harreman horien helburua, dokumentuak azpimarratzen duenez, argia zen: "Beste ezeren gainetik, Koroa prozesuan ez kaltetzea lortu nahi da, eta, nolanahi ere, ildo horretako ahaleginak ez etortzea auzipetu nagusiengandik eta bokazio monarkiko ezaguna dutenen horiengandik".
Zerbitzu-sekretuak informazio hori "goi-mailako ezagutzara eramatea" erabaki zuen antza, idazkian esaten den modura, "iritzi-emaileak ez direlako zaldunak [caballerejos]" (garrantzi gutxiko pertsonekiko mespretxuzko adierazpena) eta "horietakoren bat sektore militarrean sartuta dagoelako". CESIDek gaineratzen du zurrumurru horiek zabaltzen zituztenek "egiazkoak balira bezala" ziurtatzen zituztela, eta ohartarazten du: "Egiazkoak ez balira, zurrumurrua larria da, baina, nolanahi ere, egiazkoak balira, filtratutako arintasunak ere larriak izango lirateke".