ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/04 09:12

Azkenean, lortu du Asier Guridi iheslari politikoak: nortasun zedula eman diote Venezuelako autoritateek. Apirilean jakinarazi zuen, urte luzeetako borroka baten ostean, martxan zirela oñatiarrari zedula emateko tramiteak. Atzo, maiatzaren 3an, agiria eskuan zuela erakutsi zuen sare sozialen bidez.

"2013an Venezuelan asiloa eta babesa eskatu eta hamar urtera, lortu dut nire helburua; eta Venezuelako identifikazio zedularekin errefuxiatuei zor zaien babes humanitarioaz gozatu ahal izango dut. Borroka bide zuzena da", adierazi zuen atzo Guridik.

2005etik bizi da Venezuelan, 2001ean egin behar izan baitzuen ihes Euskal Herritik, jasaten ari zen jazarpen politikoaren ondorioz. Interpolek 2013an atxilotu zuen Venezuelan, eta bi hilabetez izan zuten han preso. Ordutik egon da herrigabe eta heriotza zibil egoeran, "nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe, azaldu izan duenez. Nortasun agiririk gabe, hamaika eskubide zibiletatik erabat salbuetsita izan dute hamar urtez.

Hortaz, urte hauetan guztietan gogor egin du borroka, bere errefuxiatu izaera aldarrikatzeko eta Venezuelako autoritateek nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Protesta ugari egin ditu, esaterako, nortasun zedula eman ziezaiotela eskatzeko: hainbatetan jo du gose grebara, eta, azkenekoz, ehundik gora egunez egon da protestan Venezuelako Migrazio eta Atzerritartasun Administrazio Zerbitzuaren (SAIME) aurrean. Azkenean, baina, lortu du: badu nortasun zedula bat.

NO HAY COMENTARIOS