AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Oñatin GKSk iaz egindako pankarta bat.
2023/03/15 11:45

Borroka etengabean jarraitzen du Venezuelan Asier Guridi iheslari politikoak. Migrazio eta Atzerritartasun Administrazio Zerbitzuaren (SAIME) aurrean protestan daramatza 120 egun, berak azaldu bezala, modu "iraunkorrean" baina modu "ezberdinetan". Errefuxiatu gisara dagokion nortasun zedula exijitzen die Venezuelako autoritateei oñatiarrak. Izan ere, oraindik ez diote nortasun juridikoa onartu, eta ez du lortu, legez, Venezuelan bere egoera egonkortzea, nahiz eta errefuxiatu izaera ofizialki onartuta daukan han.

Protesta luze eta etengabea dela-eta, Guridi osasun-arazoak pairatzen hasia da jada. Giltzurruneko eta bestelako minak dituela jakinarazi du.

Hamaika eskubide, bertan behera

Urteak daramatza nortasun agiririk gabe eta herrigabe egoeran, eta, beraz, hamaika eskubide zibil ditu aitortu gabe eta erabat ukatuta. Sarri azaldu duenez, legez, Guridik ez dauka eskubiderik soldatapean lan egiteko, ezkontzeko, izapide burokratikoetan norbanako modura aitortua izateko, bere semea ordezkatzeko, bere semeari nazionalitatea emateko, jabetzarik izateko, osasun-asegururik izateko, nortasun agiriak eskatzen dituzten tokietara sartzeko, edota kontu-korronteak zein kreditu-txartelak bezalako finantza-tresnak edukitzeko, besteak beste.

Oñatiarrak azken hilabeteetan salatu duenez, nortasun agiria jasotzearen truke, betetzeko "ezinezkoak" diren hainbat baldintza exijitzen dizkio SAIMEk. Espainiako Estatuko pasaportea eskatzen diote, nahiz eta ez daukan halako agiririk eta estatu horretan arrazoi politikoak direla-eta jazarria izan zen, ihes egin zuenera arte. Gainera, 25 petro kobratu nahi dizkiote autoritateek: "nola lortuko ditut 25 petro eta SAIMEri ordainketa hori egin, ez baldin badaukat lan egiteko eskubiderik, ez eta kontu korronteak, zordunketa-txartelak edota kreditu-txartelak bezalako finantza-tresnarik?".

Luzatutako heriotza zibila

2001ean egin behar izan zuen ihes Guridik Euskal Herritik, jasaten ari zen jazarpen politikoa zela-eta. Aurretik, bost urtez izan zuten preso, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz; zenbait sabotaje ekintzatan parte hartzea egotzi zioten. Polizia-indarrek egindako torturak salatu zituen bere atxiloaldian.

2005etik dago Venezuelan, eta han ere izan zuten preso bi hilabetez: 2013an atxilotu zuen Interpolek. "Nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe" dago ordutik, herrigabe eta heriotza zibil egoeran.

EZ DAGO IRUZKINIK