Taldean egindako bortxaketa jarraitu baten berri eman dute Arabako Errioxan. Hiru gizonezkok, horietako bi adingabeak, taldean bortxatu dute adin txikiko emakume bat. Bere irudi batzuk zabalduko zituztela esanez egin zioten mehatxu neskari, eta, modu horretan, modu jarraituan egin dizkiote sexu-erasoak. Noticias de Álava-ren arabera, posible da erasoak hainbat astez edo hilabetez luzatu izana.
Erasotua izan den neskak hezitzaile bati azaldu zion jasandakoa, eta horren ostean aurkeztu dute salaketa bat. Orain, Gasteizko (Araba) Instrukzioko 2. Epaitegia ari da erasoak ikertzen. Itxura denez adingabeko bi bortxatzaileek epailearen aurrean deklaratu dute jada, baina EITBren esanetan, "ez dakite non dagoen" adin nagusikoa. Oraingoz ez da atxiloketarik izan.
Beste eraso bat Beasainen
Beasainen (Gipuzkoa) jaiak izan dira azken asteetan, eta joan den larunbatetik iganderako gauean, emakume bati sexu-erasoa egin zion 20 urteko gizon batek. Goizaldeko 03:00ak aldera, gizonezkoak atzetik jarraitu zion neskari, eta sexualki eraso zion. Atxilotu egin zuten erasotzailea.
Erasoa salatzeko eta indarkeria matxista orori ezetz esateko, protestara deitu zuen Goierriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak: atzo arratsaldean egin zuten mobilizazio bat Beasaingo Bideluzen. "Jakin badakigu, tamalez, eraso hau ez dela kasu isolatu bat. Kontrara, eguneroko ogia dira erasoak emakume langileon bizitzetan. Are gehiago: festa giroan eta alkoholaren aitzakiapean, erasoak normalizatu egiten dira", azaldu zuten Itaiako kideek.
"Funtsean etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betetzen duen ideologia matxistak, biolentzia matxista du ondorio, eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeon zapalkuntza", gaineratu zuten elkarretaratzean. Hala, aldarrikatu zuten "ezinbestekoa" dela indarkeria matxistari aurka egitea: "Matxismoaren aurkako kontzientziazio lanean eta borrokan jarraitu behar dugu, guztion ardura baita eraso ororen aurka erantzun aktiboa edukitzea eta horrelako erasorik gerta ez dadin borroka egitea".