Gaur, Maiatzaren Lehena, milaka lagun atera dira kalera Mugimendu Sozialistak lekuan leku deitutako mobilizazioetara batuta. Kontseilu Sozialistek hamasei herritan egin zituzten deialdiak, eta milaka pertsonak kaleratu dute komunismoaren aldeko aldarria.
Kontseilu Sozialistek azpimarratu dute "langile mugimenduaren tradizio iraultzailea omentzeko eta horren berraktibazioa bultzatzeko" eguna dela Maiatzaren Lehena. "Iraganeko esperientzia iraultzaileak erreminta-kutxa" gisara kokatu dituzte, "egungo borrokak argiztatzeko urrezko baliabide eta irakaspen modura".
Horren harira, ondorio bat ere atera dute mahaira gaurkoan: "komunistok ezin dugu langile mugimenduaren iragana alboratu, XX. mendeko esperientzien porrot historikoaren zama gure gain hartzea deserosoa suertatzen bada ere". Dena den, zehaztu dute "gure historia" ez dela "langileen historia orokor eta abstraktu bat", eta "jendarte aske baten alde bizitza eman zuten militanteak omentzeko" eguna dela gaurkoa.
KALTE-ORDAINA
Pandemiak, bestalde, "krisialdi ekonomikoa eta horrek berekin dakarren proletarizazio prozesua bizkortu" dituela adierazi dute Kontseilu Sozialistetako kideek, baita "oligarkia internazionalak", "gaixotasunaren aitzakiapean, proletalgoaren bizi-baldintzak modernizatu" dituela ere.
Urte honek langileoi utzitako "kalte-ordaina", hain zuzen, "osasun-hondamendia, bizi-baldintzen okertzea eta proletalgoaren askatasunen deuseztapena" dela esan dute; hala, "kezkagarritzat" jo dute "euren burua langileriaren ordezkaritzat duten sozialdemokrata etsituek darabilten estrategia". "Funtsak babestu dituzte, salbuespen estatua eta askatasun zibil eta politikoen ezabapena bultzatzen ari dira, Espainiako Estatua indartzen dihardute eta euren eguneroko jarduna komunisten eta, orokorrean, disidentziaren seinalamendua eta bazterketa soziala sustatzean oinarritzen da", salatu dute Kontseilu Sozialistek.
"Ezkerreko kalifikazioa", "zerbaiten zeinua bada", "sozialismoa ezinezkotzat ikusten duen eta, ondorioz, Kapitalaren joera internazionalarekin lerratu den espektro zabal batena" dela seinalatu dute, beraz.
KOMUNISMOAREN PREMIA
"Egoera honetan proletalgoak esperantzarik izango badu, antolakuntza komunista indartzetik abiatu behar du nahitaez", ondorioztatu dute gaurkoan Kontseilu Sozialistek. "Komunistok helburu argi bezain konplikatu bat egikaritzeko antolatzen gara: ekoizpen bitarteko nagusien kontrola langileria antolatuaren menpekoa izan dadin", gaineratu dute.
Bide horretan, "komunismoaren premiaren aldarria lau haizetara zabaltzeko hautua" berretsi dute Maiatzaren Lehenean, azaldu baitute "kapitalismoak langileei bizitza duin bat emateko dituen mugetatik" justifikatzen dela "komunismoaren emergentzia". "Jardun politiko guztia", hortaz, "kapitalismoaren kritikatik abiatu behar dela" nabarmendu dute; alegia, "kapitalismoaren barnean etxebizitza, elikadura, aisialdi, lan-baldintza eta, oro har, bizitza bizigarri bat lortzeko langileok dugun ezintasuna seinalatzetik".
"Betebehar" modura egin diote azpimarra, beraz, "komunismoaren ideia egitate bihurtzeari", ulertuta hori dela "Maiatzaren Lehenaren esanahiari egin ahal diogun ekarpen historiko zuzenena".
Irudietan: Altsasu, Iruñea, Lekeitio, Bilbo, Zarautz, Bergara, Tolosa, Durango, Gasteiz, Hernani, Urretxu, Azpeitia, Zestoa, Azkoitia, Donostia, Lizarra