ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/28 12:36

Ordaindu beharreko komunitate tasaren edota uraren eta gasaren prezio neurrigabeak, bizilagunen hitzaren gutxiespena, alokairu kontratu ezegonkorrak, etxegabetze arriskuan dagoen bizilagun bat... Horiek dira, nagusiki, Pasai Antxoko (Gipuzkoa) Eskalantegi kaleko 45. zenbakian bizi diren pertsonek jasan behar dituzten baldintzak. Agerraldi bat egin zuten atzo bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak, eta orduan eman zuten egoeraren berri.

Alokairu sozialekoak dira atari horretako etxeak, eta Alokabidek kudeatzen ditu. Han bizi direnetik, bizilagunen "ezinegona handituz joan da, gehiegizko prezioak, baldintza txarrak eta etxebizitza sozialen arduraduna den Alokabideren kudeaketa negargarria eta axolagabea direla-eta".

Fakturak pilatuta

Esaterako, alokairu sozialeko etxeak izan arren, komunitate tasa neurrigabeak ordaindu behar dituzte bizilagunek, edozein unetan alokairu kontratua berritzea uka diezaieketela eta euren egoera kolokan egon daitekeela jakin arren.

Bestalde, ura eta gasa bezalako oinarrizko bitartekoak izateko, prezio ikaragarriak ordaindu behar dituztela ere azaldu zuten agerraldian. Horrek eraman ditu "ordaindu ezin diren zorrak" pilatzera. Etxeetan ur beroa edota berokuntza sistema edukitzeko, esaterako, zenbait enpresa bitartekariri ordaindu behar diete bizilagunek, eta, hiru hilean behin, 1.000 euro inguruko fakturei egin behar izaten diete aurre. Eskalantegin bizi direnek, gainera, salatu dute ez direla beraiek egoera hori pairatzen ari diren bakarrak: mankomunitateko babes ofizialeko beste hainbat ataritako bizilagunek prezio antzekoak ordaindu behar dituzte.

Hitzik ez eta egonkortasunik ez

Mankomunitateko gainerako babes ofizialeko etxeetan bezala, etxebizitza-bloke bakoitzeko, boto bakar bat daukate bizilagunek. Hortaz, euren etxeei buruz hartzen diren erabaki ofizialetan, atari bakoitzeko boto baten bidez baino ezin dute esku hartu, "euren hitza hutsaren hurrengoa izatera kondenatuz".

Eta ez hori bakarrik: bere etxetik kanporatua izateko arriskuan dago Eskalantegiko 45. zenbakiko bizilagun bat. Alokabidek berak etxegabetu nahi du, eta etengabe ari da pertsona horri presioa egiten.

Bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak Alokabide seinalatu dute egoera horren guztiaren errudun eta erantzule modura. Hala, salatu dituzten arazoen aurrean, neurriak hartzeko exijitu diote Alokabideri. "Azken finean, Alokabide bera da beste enpresekin negozioak egiten dituena eta bizilagunen miseriazko egoeraren erantzule", esan zuten.

NO HAY COMENTARIOS