ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / defensa.com
2022/07/08 10:14

NATOk Madrilen egin duen goi-bileran, konpromiso argi bat hartu du Espainiako Estatuak: 2029. urtera bitartean, bikoiztu egingo du indar militarrak finantzatzeko gastu ekonomikoa, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2raino hel dadin. Militarren erakundeek, baina, eskatu dute aurrekontuen igoera horrek ez dezala soilik armamentua indartzea ahalbidetu. Arma-sistemak erosteaz gain, militarren baldintzak hobetu nahi dituzte; besteak beste, euren soldatak.

Kongresuko Defentsa Batzordeak 2018an esan zuen militarren soldatak ez zirela nahikoa; 120.000 soldatapeko inguruk jarduten dute militar modura. Hala, Espainiako Estatuko polizia-indarren soldatekin parekatzeko beharra ere aipatu zuten. Azken bi urteetan igo egin dituzte Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agenteen soldatak; 2020an, Espainiako Gobernuak 247 milioi euro bideratu zituen horretara.

2021ean eratu zuten batzorde tekniko bat, Indar Armatuetako Langileen Ordainsariei buruzko Batzorde Teknikoa, auzia azter zezan. Berriki, hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean batzorde horrek; esaterako, militarren "lan-prestutasuna" eta "erabilgarritasuna" ekonomikoki saritzea. Militarren %90 ari dira "norakoren bat okupatzen", eta edozein unetan mobilizatzeko prest egon behar dutela argudiatuta igo nahi dituzte euren ordainsariak. Kalte-ordainketetara duten sarbidea ere hobeto arautu nahi omen dute.

Joan den ekainaren 25an Madrilgo erdigunean egin zuten mobilizazio bat Espainiako Armadako hainbat militarrek, baldintza "duinak" aldarrikatzeko.

NO HAY COMENTARIOS