Ez da ezer berria munduko edozein txokotan presoak behartzea, musutruk, era guztietako lanak egitera. Eta El Salvador ez da inola ere salbuespena izan: Nayib Bukelek gidatutako gobernuak berrikuntza modura aurkeztu du Batere Aisialdirik Ez izeneko plana (Plan Cero Ocio, gazteleraz). Horren bidez, espetxeetan preso dituzten 3.000 pertsona ingururen eskulanaz probesten ari dira egunean. Euren "kartzelako egonaldiaren kostuaren truke" (hau da, inolako soldatarik ordaindu gabe) behartzen dituzte presoak askotariko lan behartuak egitera, zortzi ordurainoko lanaldiekin.
Ondoko oinarria du Batere Aisialdirik Ez planak: preso dauden pertsonek "gizarteari eragindako kaltea konpontzea", miseriazko baldintzetan gobernuarentzat lan eginda. "Portaera ona" duten presoak ("birgaituak") sartzen dituzte plan horretan, "Konfiantza-Fasea" delakoari ekin eta, apurka-apurka, gobernuak ezarritako lanak egin ditzaten (garbiketa-lanak, eraikuntza-lanak, josteko lanak, eta abar). Kartzelatik ateratzen dituzte lan horiek bete ditzaten, eta hori "kanpora irteteko baimen" gisa saltzen du planak.
Progresiboak dira "baimen" horiek; finean, ordaindu gabeko lanaldiak direnak. Lehenengo, lau orduko lanaldiak egin ditzaten ateratzen dituzte presoak espetxetik. Pixkanaka, "portaera ona" izaten jarraitzen badute, zortzi orduko lanaldiak ezartzen dizkiete. Lanaldi bakoitza amaitzean, kartzelara itzularazten dituzte. Eta, une oro, gertutik kontrolatzen dituzte presoak polizia-indarrek eta indar militarrek.
Egiten dituzten lanorduen arabera, kartzela-zigorrak murrizten dizkiete; beraz, gero eta lanordu gehiago izan, orduan eta lehenago amaituko dituzte euren espetxealdiak presoek, teorian.
Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Jokoak (lau urtean behin izaten dira), esaterako, presoen eskulan horrek ahalbidetuko ditu. El Salvadorreko 500 gizonezko preso behartu dituzte kirol-pistak eta estadioak eraikitzera, eta emakumezko presoak, berriz, kirolari gazteentzako arropak egitera derrigortu dituzte.