ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/14 20:56

Hainbat beharginek mobilizazioa egin zuten atzo Bilboko (Bizkaia) kaleetan, Mercadonako "lan baldintza txarrak" eta "tratu txar sistematikoa" salatzeko. ELA sindikatuko kideek azpimarratu dute enpresako zuzendaritzak "jarrera errepresiboa" erakutsi duela "eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan" jarduten duten langileekin. Horren adibide modura kokatu dute kaleratu berri duten langile baten kasua, bizi duten jazarpen egoeran "jauzi kualitatibo bat" eragin duelakoan.


Kanporatu duten behargina bajan zegoen, "auzitegietan bere eskubideak defendatzen" ari zelako, ELAren esanetan. Enpresak, ordea, kaleratzeaz gain, langilearen aurkako salaketa aurkeztea erabaki du. Izan ere, bere lan-egoerarekin loturiko agiri bat aurkeztu zuen auzitegian, froga gisa. "Kasuan erlazionatuta dauden dokumentuak ezagutzera ematea" leporatu dio enpresak langileari, eta urte bat eta lau urte bitarteko kartzela zigorra galdegin du. ELAk salatu duenez, horrekin "behargina kikiltzea" eta "edozein kalte-ordain onartuz enpresatik alde egitea" bilatzen du Mercadonak.


TRATU TXAR OROKORTUAK


ELAk nabarmendu zuen Mercadonan orokortua dela "oinarrizko eskubideen" urraketa, besteak beste, osasun arloan. Esaterako, behin-behineko ezintasun egoeran dauden langileei jazartzen diela azaldu dute, edota hainbat beharginek, gazteak izanagatik ere, "lesio fisiko larriak" izatera iritsi direla. "Ezarritako erritmo eta txandak onartezinak dira, eta lana bateraezina da bizitza pertsonalarekin". Bestalde, "presio psikologikoa" ere enpresaren ohiko jardunaren parte dela diote, "estrategia bat": "Osasuna galdu duten langileei jazartzen zaie, eta alde eginarazteraino presio egiten die".


"Mercadonak modu errukigabean erasotzen ditu euren eta kideen eskubideak defendatzera ausartzen direnak", gaineratu du ELAk. Kaleratu berri duten langilearen kasua ez da supermerkatu-katean gertatu den lehenengoa: iazko azaroan zigortu zuten enpresa lan sindikalaren eta "pertsonen oinarrizko eskubideen" aurka egiteagatik.


BABESGABE COVID-19AREN AURREAN


Iragan martxoan salatu zuten Mercadonak ez zituela Osasun Ministerioak ezarritako irizpideak betetzen langileen artean Covid-19aren zantzuak zeudenean. Langileak, lan karga handiaren ondorioz "itota" egoteaz gain, ia babesgabe jardun zuten alarma egoeran. Besteak beste, "kontrolik gabeko jende pilaketak" eta babes neurri falta salatu zituzten.