Martxoaren 3aren oroimenezko monolitoa, hondakin artean 50. urteurrenean
— ARGAZKIA @UnaiBetono (X)

Gaur beteko da mende erdia Gasteizko langile-borroka gogoangarria modu izugarrian zanpatu zutenetik: Espainiako "Trantsizioko" agintaritzek tiroka egin zioten aurre 1976ko martxoaren 3ko greba orokorrari, San Frantziskoko elizan zeuden milaka grebalariren kontra tiro eginez eta haietako bost erailez: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Bienvenido Pereda Moral eta Jose Castillo Garcia.

Oroimen-eguna da gaurkoa Euskal Herri osoko langileriarentzat, baina badirudi badela memoria-ariketa horri trabak jarri dizkionik, hamaika ekitaldi instituzional antolaturik egon arren: askorentzat izan da deigarria zein egoera tamalgarritan dauden Martxoaren 3an garrantzia berezia duten hainbat espazio fisiko. Hasteko, eraildako langileen omenezko monolitoa Zaramagan, urteurreneko ekitaldi gehienak hartzen dituen plazan: oroigarria hondakin artean dago momentu honetan, ez baitira bukatu udalak (PSOE buru) eremuan hasitako eraberritze-lanak. Obraren barruan, gainera, monolitoa mugitu dute.

Zaramagako Reyes de Navarra kalean, bestalde, urte luzez egon da sarraskia oroitzeko handi luze bat, baina gaur ezin daiteke ikusi auzoan: eraikina eraberritzeko obrak direla-eta, kendu egin dute bertatik. Oraindik ez dute argitu noiz jarriko duten berriz.

— ARGAZKIA gasteizberri.com

Hori gutxi balitz, San Frantziskoko elizak ez du memoria-zentrorik martxan oraindik, proiektuaren berri 2021an eman zuten arren. Espainiako Gobernuak berriki aitortu du Memoria Demokratikorako Leku gisa, eta barruan biktimen oroimenezko memoria-zentro bat irekiko zutela esan zuten hainbat erakundek duela zenbait urte: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Gogora, Diozesia, Martxoak 3 elkartea... Oraindik ez dute egin, ordea: gaurkoa bezalako urteurren biribil eta esanguratsu batean, ez dago zentrorik.