Franco lau hilabete lehenago hil berri zen. Espainiako Estatu frankista berregituratzeko eta diktadura zuritzeko saiakeraren erdi-erdian, Euskal Herriko langile-klasearen historiako une nabarmenenetakoa utzi zuten 1976ko egun haiek. Gasteizko milaka eta milaka langile hilabetetan mobilizatzeko kapaz izan ziren, lantegiz lantegi, handiagoetatik hasi eta txikiagoetara, lantegietatik hasi eta auzoetara, plazetara, sukaldeetara, langile-klasearen sektore guztietara. Lantegietako baldintzen alde ari ziren borrokan, baina baita bizi-baldintzen alde ere. Eta, pixkanaka, eduki iraultzailea hartu zuen borrokak, lantegiak gainditzen zituena.
Eta borrokaren ondoriotzat, sarraskia. Bost langile erail zituen Poliziak Gasteizen martxoaren 3an bertan, Arias Navarroren Espainiako Gobernuaren agindupean, Manuel Fraga Iribarne eta Rodolfo Martin Villaren esanetara. Gero beste bi pertsona ere izango ziren erailak, hurrengo egunetan sarraskia salatzeko protestetan, Basaurin eta Tarragonan. 50 urte beteko diren honetan, sarraskiak ez du ondorio judizialik izan: ez da sekula inor epaitu edo zigortu erailketetan izandako arduragatik.
Zer eta nola oroitzen da Martxoaren 3az? GEDAR LANGILE KAZETAk Amparo Lasheras, Mertxe San Bizente eta Norberto Mujikak esandakoekin osatu du bideoerreportaje hau: Martxoaren 3a: 50 urte Gasteizko sarraski eta borrokatik.