ACTUALIDAD / M13 huelga estudiantil
Martxoaren 13ko ikasle-grebarako, lau manifestazio antolatu ditu IAk
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira ikasleen mobilizazioak, "gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileon interesen alde".
2025eko martxoaren 11
Martxoaren 13ko ikasle-grebarako, lau manifestazio antolatu ditu IAk

Bi egun baino ez dira geratzen Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak deitu duen ikasle-grebarako. Aski da! lelopean, ostegun honetan, martxoaren 13an, greba egitera deitu ditu ikasleak; "gorakada erreakzioarioaren kontra eta ikasle langileon interesen alde". Bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan zein unibertsitatean egin du deialdia IAk, eta horri begirako lanean ari da azken asteetan.

Greba-egunean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira manifestazioak. 11:30ean hasiko da Gasteizko (Araba) mobilizazioa Andre Mari Zuriaren plazatik, baina 12:00etan abiatuko dira gainerako hirurak; Bilboko (Bizkaia) Eliptikatik, Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Aulariopetik eta Iruñeko (Nafarroa) Sarasate pasealekutik, hain zuzen ere.

"Gorakada erreakzionario betean gaude eta hezkuntzan joera horri aurre egin behar diogu", azaldu du IAk grebara deitzean. Era berean, salatu du "ikas-baldintzak etengabe kaskartzen" ari direla, eta "ezinbestekoa" dela "hezkuntza ikasle langileon interesetara egotea". "Ikasleok batu eta mobilizatu egin behar gara", aldarrikatu du.