Larunbat arratsaldean, milaka pertsona atera ziren kalera Gasteizen (Araba), makroproiektuen kontra. Lurraren defentsan antolatzen diren hamaika kolektibok eta UAGA Arabako nekazarien elkarteak deitu zuten mobilizatzera, besteak beste. Gasteizko Bilbo Plazan hasi zen manifestazioa, eta Foru Plazaraino eraman zituzten aldarriak.
Araban hainbat enpresak egin nahi dituzten makroproiektuak gera ditzatela exijitu zuten mobilizazioan. Izan ere, antolatzaileek azaldu zuten "makroproiektu industrial, fotovoltaiko eta eoliko ugari" aurkeztu dituztela herrialdean azken hilabeteetan, eta enpresa handiak lurrak "lapurtzen" ari direla. Antza denez, proposatutako azpiegitura handien artean daude eguzki panelen parkeak, haize-errotak, Abiadura Handiko Trena, dikeak eta abar.
Hori guztia "gaizki izendatutako trantsizio energetikoa, lurralde-industrializazioa eta etorkizuneko aurrerapausoak" aitzakiatzat hartuta egiten ari dira, manifestazioan salatu zutenez. Trantsizio energetikoa eta antzeko argudioak, baina, haientzat "lurraldearekin negozioa egiteko aitzakia bat" direla gaitzetsi zuten.
Hortaz, erakunde publikoak ere jarri zituzten jomugan: Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari exijitu zieten euren "jarrera alda" dezatela, bestela, "Arabako espoliazioaren zuzeneko arduradunak" izango direlako.
"Lurraldearen, gure herrien eta biztanleria landatarraren alde" borroka egiteko indarra badago, ordea, eta "basakeria" gelditzera deitu zuten larunbateko mobilizazioaren antolatzaileek. 160 kolektibok baino gehiagok babestu zuten deialdia.